Ainara Ormazabal sarrerak erostear, bi egun eta bi gauko ilararen ostean (Ainara Ormazabalek utzita)
Manchesterra joateko beste aukera bidaia norberak antolatzea izan da, bidaia agentziak alde batera lagata. Horrek alde ona du: bidaia merkeago lortzeko aukera. Baina txarra ere bai: sarrerak lortzeko Realak salgai jarritakoak soilik izatea, eta bi gau eta egun luze ilaran egon beharra. Horixe izan da Ainara Ormazabalen kasua. 35 urteko zarauztar honek ilobarekin eta lagun batzuekin egingo du bidaia. «Ilusio handia da Manchesterren bihotzeko taldea ikustea».
Ordu mordoa egin zenuten Anoetan ilaran zain, sarrerak lortzeko. Zer egiten da halako egonaldietan?
Kartetan jolastu, ilarako ingurukoekin txisteak kontatzen jardun eta hitz egin... Eskerrak teknologia berriekin hainbat gauza egin daitekeen.
Tablet-ek eta halakoek asko laguntzen dute. Jan eta lo ere egiten da, jakina.
Nola antolatzen da ilarena?
Realak jakitera eman zuen sarrerak astelehen goiz batez jarriko zituela salgai. Ostiral gauerako jendea biltzen hasi zen Anoetako txarteldegiaren kanpoaldean. Realeko bat atera zen, ilara antolatzera, zenbakiak banatzera. Gero, hortik aurrera, normala izaten da txandak egitea.
Zuek hala egin al zenuten?
Bai. Ilobak egin zituen gauak, eta ni igandeko txanda egitera joan nintzen, 08:00etatik 23:00etara. Lanean nabil, eta ezin izan nuen ordu gehiagoz han egon. Nik bazkaria eramaten nien, eta lanera joaten nintzen gero.
Hotz egin zizuen, ezta?
Bai, eta sekulakoa. Hantxe egon ginen, tapa-tapa eginda.
Hainbeste ordu han egon eta gero, sarrera eskuan izatean zer sentitu zenuen?
Astelehenean 07:00etan etorri zen Realeko arduraduna, eta sarrerak ematerako orduan erosi behar duen orok egon behar du bertan. Gu ilararen aurrean ginen, eta azkar-azkar erosi genituen.
Partida batengatik sakrifizio handiegia dela pentsatzen duenik bada.
Tira, ilusio handia betetzea da. Akaso berriz ez dugu aukera izango bihotzeko taldea Manchesterren ikusteko.
Sarrera eskuan, bidaiarena geratzen da. Nola antolatu duzue?
Gure kontura goaz. 18 lagun gara, eta Bartzelonara joango gara auto hibridoetan. Hiru auto izango dira. Asteazkenean bertan abiatuko gara, 05:30ean. Hegazkina Bartzelonan hartuko dugu, 13:00etan, Leeds hirira (Ingalaterra). Hara iritsi eta autobus txiki bat alokatudugu, hotelera joateko. Leedsen bazkaldu ondoren, trena hartuko dugu Manchesterrerako. Berrogeita hamar minutuko bidea dago. Geltokian, autobusa alokatuko dugu zelaira joateko. Eta itzulerako bidaia berdin egingo dugu. Osteguneko bazkalondoan etxean izatekotan gara.
Hainbeste garraiobiderekin ez al duzue kezkarik baten bat galtzeko?
Pixka bat badugu, baina dena ondo aterako den ustea dugu.
Irudikatzen al duzu zeure burua Ametsen Antzokian, Reala ikusten?
Handia izango da. Old Trafford horixe da, Ametsen Antzokia, eta ametsa betetzera goaz. 8.000 Realeko zale han izatea sekulakoa izango da.