Joseba Azkue 'Kintxi' eta bere lagun realzaleak (Joseba Azkuek utzitakoa)
Reala pagotxa ari da izaten zaleentzat Europako bazter batzuk ikusteko denboraldi honetan. Txapeldunen Ligako multzoen fasean aritzeak ematen du aukera hori. Abuztu amaierako zozketan, Alemania, Ingalaterra eta Ukraina egokitu zitzaizkion Realara bisitatzeko. Eta jakina, zaleak batetik bestera mugitzeko prest daudenez, Realak Alemanian zaleak izan zituen, Ingalaterran izango ditu, baita Ukrainan ere, urrun egon arren eta sekulako hotza egin arren.
Leverkusen izan zen lehen helmuga. Zumaiako Algorri Taldeak bidaia antolatu zuen, eta han izan zen Jose Luis Alvaro. «Autobusez egin genuen bidaia. Bezperan atera ginen, arratsaldez, eta hurrengo egunean iritsi, goiz erdian. Hamasei bat orduko bidea izan zen». Partida jokatu bezain pronto, itzuliko bidaia, eta beste 16 ordu. «Horrela ikusita, sekulako astakeria ematen du, baina nahiko erosoa egin zitzaigun bidaia. Joaterakoan eta etortzerakoan, gaua literetan igarotzeko aukera izan genuen, eta horrek asko moztu zigun bidaia». Ez zuen izan halako lehen esperientzia. «2003an, Turinen izan nintzen Reala ikusten, eta orduan ere autobusez egin genuen bidaia».
Joseba Azkue
Kintxi zarauztarra ere Leverkusenen izan zen. Baina «beste era bateko bidaia» izan zuten Aizarnazabalgo bizilagunek eta bere lagunek. «Hegazkinean joan ginen, Leverkusenen bizi den lagun batengana». Lau eguneko bidaia izan zen, eta aukera ederki baliatu zuten inguruko herriak eta hiriak bisitatzeko. «Colonian izan ginen, Leverkusen oso txikia delako. Beste irteera bat Wuperthalera egin genuen. Oktober Fest delakoa egiten ari ziren, eta jan-edan ederra egin genuen».
Alvaro Manchesterren izango da, baina Azkue ez. Ukrainan aldiz, biak egongo dira.