Corrugadosekoek bilkurara deitu dute gaur plazan

Nerea Uranga 2013ko urr. 17a, 04:00

Urriaren 29an Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitian eta Corrugados Lasaon ezarritako Lana Erregulatzeko Espedientea. Txosten horren bidez Corrugados Azpeitiatik langile guztiak kaleratu dituzte, eta lantegia itxi egin dute, eta Lasaoko plantatik 68 langileetatik 38 kaleratu dituzte. Epaiketaren eguna gertu dela, Azpeitiko lantegiko Enpresa Batzordeak gaur mobilizatzera deitu ditu herritarrak. «Herritarren babesa eta eskualdeko enpresa batzordeen atxikimendua» ere eskatu dute. Elkarretaratzera deitu dute Corrugadoseko langileek gaur, 10:30ean, Azpeitiko plazan, udaletxe aurrean. Corrugados Azpeitiako langileek azaldu dutenez, Gallardo Taldeak «inposatutako» Lana Erregulatzeko Espedientearen bidez Urola eskualdean 338 langile kaleratu nahi ditu, 300 Corrugados Azpeitiakoak eta 38 Lasaokoak. «Madrilen erabakiko da Urola eskualdeko 338 familiaren etorkizuna, eta, ondorioz, baita Urola eskualdeko etorkizuna ere». Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordekoen esanetan, «Gallardok erabiltzen duen erantzukizunik gabeko jokoa» onartezina da. Horregatik, Gallardoren «erabakia eta inposaketa» eta Madrilen egingo den epaiketa salatu dituzte. «Gure etorkizuna gure eremu naturaletik kanpoko epaileen esku uztea dakar». Eskualdeko enpresetako langileak eta herritarrak deitu dituzte gaur protestarekin bat egitera. Larunbatean, manifestazioa Alfonso Gallardo Taldeak uztailean itxi zuen Corrugados Azpeitia enpresa. Abuztuaren 7an, berriz, Corrugados Lasaoko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen. 30 langile besterik ez dira gelditzen Lasaon, eta enpresaren itxiera «ate joka» ikusten dutela salatu zuten joan den hilaren bukaeran egindako agerraldian. Behin eta berriro ekoizteko ia lehengairik gabe dauden, eta datorren urte hasierara iritsiko ez diren susmoa dute. «Enpresaren itxiera inoiz baino gertuago ikusten dugu. Ate joka dugu». Aste honetan bertan batere lehengairik gabe gelditu dira Lasaon, eta geldirik daudela azaldu dute bertako langileek. «Berriro lehengaia ekarriko dutela diote, baina ezin da jakin», adierazi dute bertako langileek. 30 atxikimendu baino gehiago Egoera salatzeko larunbaterako manifestaziora deitu dituzte herritarrak Corrugados Lasaokoek, 12:00etan, Azpeitiko plazatik irtenda. Gallardo iruzurrak amaitu, etorkizuna bermatu leloarekin. Corrugados Lasaokoek manifestaziorako 30etik gora atxikimendu lortu dituzte eskualdeko enpresetan. Corrugados Lasaokoen manifestazioari babesa eman diote honako lantegietako enpresa batzordeek: Gerdau Azkoitia, Grumal, Altuna y Uria, Sammic, Forjas de Iraeta, Guascor, Iraurgi Ikastetxea, Indaux Aia, TS Fundiciones, Astilleros Balenciaga, Estampaciones Gipuzkoa, Indaux Getaria, Korta, KS Bitur, Mendiaraiz, Xey, Galvanizados Olaizola, Arregi Buzones, Enrique Keller, IA Tecnica, Mecanizados Gurrutxaga, Leaiz, Arrieta Hermanos, Erlo, Konberbi, Glual, Malac, Taz, Azpeitiko Udala, Azkoitiko Udala, Zestoako Udala, Zumaiako Udala, Getariako Udala eta Zarauzko Udala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide