Bainuetxeko langileak Imsersoko arduradunekin bilduko dira gaur, Madrilen

Nerea Uranga 2013ko urriaren 17a

Zestoako Bainuetxeko Enpresa Batzordeko kideak, aholkulariak eta Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkatea Imsersoko zuzendari nagusiarekin bilduko dira gaur, Madrilen. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, Imsersoko bezeroak jasotzen ditu batik bat Zestoako Bainuetxeak, eta bertako arduradunekin hainbat kontu argitzera joango dira. Horrez gain, Zestoako Bainuetxeko langileek egoeraren berri emango diote. Zestoako Bainuetxeko langileen aste honetako mobilizazioak. (Argazkia: Amaia Irure) Joan den abuztutik Zestoako Bainuetxeko langileak mobilizatzen ari dira, lan eskubideen alde eta lan baldintzetan izan dituzten murrizketen kontra. Bainuetxea Kantabriako (Espainia) Tres Mares enpresak kudeatzen du. Enpresak Espainiako lan erreforma baliatuz, bainuetxeko langileei lan baldintzetan %45 inguruko murrizketa ezarri diela salatu dute langileek. «Enpresak dio langileen kostua %25 jaitsi beharra daukala, baina guri %45eko murrizketa ezarri nahi digu, Espainiako lan erreformaz baliatuta. Zestoako Bainuetxeak orain arte irabaziak izan ditu, eta langileoi murrizketak ezarrita irabaziak gehituko ditu enpresak», adierazi dute langileek mobilizazioen baitan. Azken hilabete hauetan elkarretaratzeak, manifestazioa, giza katea eta greba egunak egin dituzte Zestoako Bainuetxeko langileek. Hil honetan sei egunetan greba egin dute, azken biak aste honetan, astelehenean eta asteartean. Mobilizazioen barruan, Santanderren (Kantabria, Espainia) Tres Mares enpresaren egoitzaren aurrean ere protesta egin dute Zestoako langileek, baina oraindik tajuzko erantzunik ez dute jaso enpresaren aldetik. Hala ere, langileek behin eta berriz berretsi dute negoziatzeko prest daudela. Langileak greban egon direnean Zestoako Bainuetxea hutsik egon da. Bainuetxeko bezeroen gehiengoa Imsersoren bidez etorritakoa da, eta enpresak hainbat egonaldi bertan behera utzi du langileen protestak tarteko. Orain, hainbat kontu argitzeko asmotan langileak Imsersokoekin bilduko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide