Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 sumarioari dagokion epaiketaren lehen saioa amaitu da dagoeneko, eta bihar jarraituko du, 10:30ean. Lehenengo saioan alegazioak egin dituzte abokatuek, eta auzipetuak bihar hasiko dira deklaratzen.
Esther Agirre zarauztarra saio guztietara joatea ez behartzeko eskatu du abokatuak, "egoera pertsonala" medio, eta epaimahaia bihar da erabakiaren berri ematekoa. Era berean,
herriko tabernetako ordezkariek ez dute saio guztietara joan beharrik izango; hala eskatu dute taberna eta elkarteetako ordezkarien abokatuek, "soilik erantzule zibilak" direla arrazoituz, eta epaileak onartu egin du eskaera. Hala, hango ordezkariek soilik dagokien egunean joan beharko dute epaitegira. Xabier Arrizabalaga
Enbortxo Azpeitiko Orkatz Kultur Elkarteko lehendakariak azaroan deklaratzea aurreikusten du. "Gustura gaude egunero joan beharrik ez dugulako izango", adierazi du lehendakariak.
Defentsa abokatuek ekin diote saioari, eta Jose Antonio Egido eta Josu Iraeta auzitik kanpo uzteko eskatu dute. Azken horri ETAko kide izatea leporatzen diote, baina abokatuak argudiatu du delitua preskribatuta dagoela, "frogatuta baitago 1992an utzi zuela HBko mahai nazionala". Horien preskripzioaz erabakitzeko denbora behar duela-eta, astelehenean jakinaraziko du epaileak.
Bestalde, Askabide elkartea auzitik kanpo utzi dute, izen bereko herriko taberna batekin nahastu baitute.
Bi orduko atzerapenarekin hasi da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Izan ere, auzipetuek bi ordu behar izan dituzte sarrera kontrolak gainditzeko. Bi areto zabaldu dituzte epaiketa aurrera eramateko. Haietako batean publikoa sartu dute; tartean, Soledad Becerril, Espainiako arartekoa. AVT eta Dignidad y Justicia kexu agertu dira, auzipetuen artean Arnaldo Otegi falta delakoan. Epaitegira sartu aurretik Karmelo Landa auzipetuak egin ditu deklarazioak prentsarako, eta "epaiketa politikoa" dela salatu du. "Bakearen alde lanean segitzeko absolbituta eta Euskal Herrian" egotea beharrezkoa dela nabarmendu du. Prozesuaren "anakronismoa" gaitzetsi du Landak; "Espainiako Gobernuak ez du oraindik onartu ezker abertzalea legezkoa izatea". Auzitegi Nazionaleko atean egin ditu adierazpenok, Xabier Mikel Errekondo, Maite Ariztegi eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuekin batera. Atzean, auzipetuek zeramaten pankartan
Libre irakur zitekeen.
Segiko kide izatea egotzita 36 gazteren kontrako epaiketa egiten ari diren toki eta areto berean egingo dute epaiketa, Madrilen. Gaur ez dago gazteen kontrako auzi saiorik. Gaurtik aurrera, bost bat hilabetez iraungo dute ahozko saioek, eta horietan epaituko dituzten 36 lagunak 11 urtez egon dira "talde
terroristako kide edo buruzagi" izatearen akusaziopean, bizitzak baldintzatuta: polizia etxera sinatzera joatera behartuta, eta Espainiaren mugetatik irteteko debekuarekin, besteak beste. Ez dakite, zehazki, zer egin duten ETAko kide izateko. Ezta, zehazki, zer egitea leporatzen dieten ere.
Protestak, gaur
Auzia salatzeko protesta egingo dute gaur Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan.
111 herriko tabernatako eta kultur erakundetako 40 ordezkari dira igarotzekoak epailearen aurretik. Eskualdean, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarra, Mikel Arregi
Ertxin zestoarra, Azkoitiko Zakela kultur elkartea, Azpeitiko Orkatz, Getariako Harralde, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe daude. Hori dela eta, gaur protestak egingo dituzte Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan. Orkatz tabernari babesa adierazteko manifestazioa egingo dute 19:30ean Azpeitin, plazatik. Horrekin batera, Segiko kide izatea leporatuta auzipetu duten Olatz Izagirre herritarrari ere elkartasuna adieraziko diote ekitaldi horretan. Azken biak
Epaiketa politikorik ez lelopean izango dira, Zarautzen Lege Zaharren Enparantzan 18:30ean, eta Zestoan 19:00etan plazan.
Lelo beraren pean aurkeztu zuten pasa den astean Zestoan mozioa, eta aho batez onartu zuen udalbatzak. Besteak beste, Arregiri babesa eskaintzeko antolatuko dituzten ekimenak babesteko hitza eman zuen, eta auzipetuak deklaratzen duen egunean herriko plazan elkarretaratzera deituko duela adostu. Horren harira antolatu gaurko ekimena.
Era berean, herriko plazan
Konponbidearen alde, epaiketa politikorik ez kartela ikusgai jarriko zuela onartu zuen pasa den asteazkeneko ezohiko plenoan, eta epaiketak irauten duen bitartean bertan mantentzea adostu. 35/02 auziak «gutxienez bost hilabete» iraungo dela aurreikusi dute.
Zarauzko Udala Permach, Agirre eta Fernando Medina auzipetuekin bildu da, egoeraren berri izateko (Argazkia: Zarauzko Udala)
Bestalde, atzo eguerdian Zarauzko Udala Agirre, Permach eta Fernando Medina auzipetuekin bildu zen, gaurko epaiketa hasi aurretik,udal ordezkariek auzipetuen egoeraren berri zuzenean izateko.
Milioi bat euro
Atzo deklaratu zuten Segiko kide izatea leporatu dieten azken hamabi lagunek. Lau ez ziren aurkeztu, eta horiek atxilotzeko agindua eman du epaileak. Astelehenetik hasita, auzipetutako 40 lagunetatik 36—hamar astelehenean, hamalau asteartean eta hamabi atzo— igaro dira epailearen aurretik; besteak beste, Izagirre azpeitiarra. Seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi «erakunde
terrorista» izendatu zutela eta.
Datorren astean ere joan egin beharko dute epaitegira; hilaren 24ean, goiz eta arratsaldeko saioak izango dituzte, eta gauza bera egingo dute hilaren 30ean ere. Horrek «arazo pertsonalez» gain, «kostu ekonomiko izugarria» ere eragingo diela diote Zarauzko Libre dinamikako kideek. «Bi epaiketetako aurrekontua milioi bat eurokoa da. Hori aurreikusitako epeetan eginez gero. Gainontzean, epaiketa luzatuko den hilabete bakoitzagatik 150.000 euro gehiago ordaindu beharko da».
Horren aurrean, «herri gisa jokatu eta erantzutera» deitu dute. Hala, hilaren 26an
Konponbidearen alde, eskubide guztiak, libre epaiketa politikorik ez lelopean Bilbon egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzeko eskatu dute.