Abian dira Urkome Sariak

Ane Olaizola 2013ko urriaren 16a

Inaxio Gorosabel Azkoitiko zinegotzia, Amaia Gurutzeta Urola Kostako Udal Elkarteen ordezkaria, Arrate Otaegi Urkomeko kidea, Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Alfredo Angulo Haziko kidea.
(Ane Olaizola) Urkomek Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak hirugarren urtez antolatu ditu Urkome Sariak, eta dagoeneko zabaldu dute proiektuak aurkezteko epea. Eskualdeko landa garapena sustastzeko sei ataletan banatuko dituzte sariak aurten, eta horietatik lau Urkomek 2008an onartutako 2007-2013 Landa Garapen Programakoak izango dira; hain zuzen, Nekazaritza Jardueren Garapena, Landa Ermuetako bizi Kalitatearen hobekuntza, Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa, Landa Eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapena eta errekonozimendua atalak dira horiek. Bosgarren saria, berriz, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak emango du, eta azkena herritarrek aukeratuko dute, boto bidez. Atzo zabaldu zuten proiektuak aurkezteko epea, eta azaroaren 15era bitartean egin daiteke, Urkomen. Eskualdean garatzen ari diren edo garatuko diren proiektuak aurkeztu beharko dituzte erakundeek, elkarteek, norbanakoek edota sektoreko enpresek. Gainera, soilik exekutatu gabekoak edo amaitzear dauden proiektuak hartuko dituzte kontutan. Epaimahaia Hazi fundazioko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Iraurgi Berritzeneko, Urola Kostako Udal Elkarteko eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordeko kideek osatuko dute; atal bakoitzean 2.000 euroko sariak banatuko dituzte, boto bidez aukeratutako sailean izan ezik; kasu horretan euskualdeko produktuen sorta jasoko dute. Epaimahaiak, bere aldetik, ideia «berritzailea» izatea hartuko du kontutan, eta teknologia berriak ezartzen diren proiektuak eta ideiak baloratuko ditu; era berean, bideragarritasun ekonomikoa, enplegua sustatzen duten proiektua eta berdintasuna aurreikusten duten proiektuak aintzat hartuko dituzte. Gainera, gazteen ideiak, kooperazio proiektuak eta 2014rako aurrera eramatea aurreikusten eta bermatzen dituzten proiektuak lehenetsiko dituzte. Sektoreari laguntzeko premia Urkomek bi urtean behin banatzen ditu sariak, eta aurtengoa hirugarren aldia izango da; zentzu horretan, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak proiektu berritzaileak aurkezteko premiaz ohartarazi du; «lehenengo sektoreak egoera zaila bizi du; lehengaien prezioak goraka doaz, produkzioarena mantendu egin da, eta kontutan hartu behar da baserritarrek lehen sektorekoek erabateko lotura handia dutela euren jardunarekin. Horregatik, egitasmo berritzaileak behar ditugu». Alfredo Andulo Hazi Fundazioko kideak ere berretsi du garrantzitsua dela halako ekimenekin jarraitzea, «horren zaila duten ekintzaileei laguntzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide