Beheko Plaza txukundu egingo du Zumaiako Udalak urtarriletik aurrera. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Beheko Plaza zumaiar askoren bilgunea da. Azken urteetan egindako lanek itxuraz aldatu dute guztiz. Hori hala, Zumaiako Udalak Beheko Plazan txukundu egin nahi du. Lur azpitik doazen hornikuntza azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatu nahi ditu lanak. «Lur zorua aldatuko dugu, eta eserleku eta kale-argi berriak jarriko ditugu», azaldu du gaur Iñaki Arrizabalaga Zumaiako alkateak. Horretaz gain, Beheko Plazako kiosko zaharraren aztarnak ere bertatik kendu nahi dituzte.
Beheko Plazako beharren inguruan hausnartzeko eta bertakoen nahiak ezagutzeko, bizilagunekin bildu da Zumaiako Udala. Gainera, zumaiarrek proiektuaren inguruan duten iritzia jakin du, eta etorkizunean eremu horretarako aurreikusita dauden proiektuen berri eman die.
Zumaiako Udalak azaldu duenez, eragile guztiak ados badaude, lanak Gabonen ondoren, urte berriarekin batera hastea aurreikusi du. Obrek 3-4 hilabete irautea espero du.
Azoka txikia Beheko Plazara
Beheko Plaza txukuntzeaz gain, horren erabilera ere zabaldu nahi du udalak. Proposamena ostegunetako azoka txikia Beheko Plazara pasatzea da. «Ostegunetako azoka txikia arautuko duen ordenantza egin nahi dugu. Aztertzen ari garen aukeretako bat azoka txikia egun gehiagotan egitea da; ostegun goizetan eta larunbat arratsaldetan, esaterako. Horretaz gain, azokan bertako produktuentzat sail bat izatea ideia interesgarria iruditzen zaigu». Azoka txikiaren inguruan hausnartzeko aste honetan bertan bilduko da Zumaiako Udala azokako mertariekin.
Bestalde, Beheko Plaza eta Zuloaga lotzen dituen pasabidea ixtea ere aztertzen ari dira. «Bizilagunak pasabidearen zorua altxa eta ibilgailuak bertatik mantso-mantso pasatzera behartzen duen aukerarekin ados agertu dira», azaldu du Arrizabalagak.
Mugi zerbitzua
Egun Mugi bizikleta zerbitzua martxan ez badago ere, Beheko Plazako euskarriak bertan utziko dituzte. «Zumaiako Udalak aztertu egin behar du 2014an Mugi zerbitzua martxan jarriko duen ala ez».