Zakela Libre egitasmoa aurkeztuko dute ostiralean Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 15a

http://youtu.be/tRg_8TOj3Xo

Gaurko agerraldiaren irudi bat (Argazkia: Libre) Astelehenean abiatu zuten 39 gazteren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta bihar hasiko da Euskal Herriko 110 elkarte eta taberna epaituko dituen auzia. Auzibidean diren elkarteen artean daude Zarauzko Arrano, Getariako Arralde, Zumaiako Inpernupe, Azpeitiko Orkatz eta Azkoitiko Zakela. Egoeraren larritasuna ikusita, 35/02 sumarioko auzipetuek eta herriko taberna eta elkarteetako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, epaiketa salatu eta herritarrak mobilizatzera deituz. Bertan izan ziren Zarauzko, Getariako eta Azpeitiko ordezkariak. Urriaren 26an Bilbon egitekoa duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. «Epaiketa politikoen» aurrean, herritarren eta eragileen atxikimendua lortu nahi dute. Ildo horretan, Euskal Herriko hainbat herritan sortu dituzte Libre dinamikak, eskubide zibil eta politikoak defendatu eta auzipetuei babesa agertzeko helburuarekin. «Epaiketa hauekin argi geratzen da Euskal Herrian politika egitea guztiz judizializatua dagoela, baita herritar guztiok ez daukagula lan politikoa egiteko eskubiderik ere», nabarmendu zuten asteburuan Zarautzen egindako aurkezpenean. Libre dinamikak herritarren atxikimendua lortu nahi du. Besteak beste, «epaiketa politiko gehiagorik ez egitea» eskatzen du. Baita «eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxibatzea» ere. Horretaz gain, «prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desagertzea eta aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespetatu daitezela. Finean, elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezartzea» aldarrikatu dute. Libre mugimenduari euren atxikimendua emateko aukera dute herritarrek libre.epaiketarikez.org webgunean. Ildo horretan, ostiralean Zakela Libre egitasmoa aurkeztuko dute 19:00etan Azkoitiko Elkargunean. Herritarrez gain, hainbat erakundek ere bat egin dute «epaiketa politikoen aurkako» salaketarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, «behin betiko epaiketa politikoak amaitzeko» eskatu du, eta auzipetuei elkartasuna adierazi die. 26/11 sumarioa, aurrera Astelehenean hasi zen 26/11 sumarioan auzipetutako Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren eta beste 39 gazteren aurkako epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzte, eta seina urteko zigorra eskatu du fiskalak haientzat. Astelehenean deklaratu zuen Olatz Izagirre azpeitiarrak, beste hainbatekin batera, eta atzo beste auzipetuak igaro ziren epailearen aurretik. Astelehenean bezala, uko egin zioten akusazioaren eta fiskalaren galderei erantzuteari, eta defentsak egindako galderak soilik erantzun zituzten. Inkomunikatuta eduki zituztenean tratu txarrak jasan zituztela salatu dute. Gaur deklaratuko dute falta diren 12 auzipetuek.   http://youtu.be/Ea4tF7zvaB4 http://youtu.be/tRg_8TOj3Xo  
   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide