Oposizioak gobernu plana aurkezteko eskatu du

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 14a

EAJ, Ezker Batua, PSE-EE eta PPko Zarauzko ordezkariek gobernu egitasmoa aurkez dezan galdegin diote Udal Gobernuari, eta horretarako ez ohiko pleno egin dezan eskatu. «Udal Gobernuak datozen hilabete eta urteotan aurrera eramango dituen ekintzen berri emateko bilerak egin ditu lagileekin eta herriko eragile eta elkarteekin», jakinarazi dute, eta azken bilera horretara ikusle gisa parte hartzeko gonbidatu zituztela.  «Urtebete lehenago Udalbatzak Udal Gobernuak bere egitasmoa aurkez zezan eskatuz mozioa onartu zuen. Gaur-gaurkoz halakorik ez du egin». Hala, Udal Gobernuak «beste behin Udalbatzak agindutakoa betetzeari uko» egin diola salatu du oposizioak, eta ez dituela «herritarrak aukeratutako ordezkariak aintzat hartu»: «Horrelako jarrerekin, erakunde demokratikoei mespretxu egin eta edukiz husten ditu». «Uste dugu Bilduren ekimena herritarren parte hartzeaz mozorratutako hauteskunde aurre kanpainako ekitaldia dela», nabarmendu dute. Eztabaida ahalbidetu Ildo horretatik, «beharrezkotzat» jo dute Gobernu taldeak bere proposamenak Osoko Bilkuran aurkeztea, «zarauztarrak ordezkatzen dituzten talde politko guztiek izan dezaten bere irizpideak, objekzioak eta ekarpenak aurkezteko aukera,eztabaida politikoa ahalbidetzeko». Hala, ez ohiko  plenoa egin dezan eskatuz mozio bat erregistratu zuten pasa den astean  EAJko Imanol Lasa, Maribel Albizu, Maite Garrastazu, Iban San Martin, Ixidor Larrañaga etaJesus Aranak, PSE-EEko Patxi Elola, Gloria Vazquez eta Irma Domingorenak, Ezker Batuako Mariana Aranburu eta PPko Maria Jose Lafuentek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide