Polikulturalaren egitasmoa baztertu, eta Modelo herriarentzat izatea da udalaren asmoetako bat (Amaia Ventas/Hitza)
- Herrilanak. Udal baratzeen erabiltzaileen elkartea sortu, komun publiko finkoak ezarri bi gunetan, eta malekoiko zoruaren aldaketa aztertu.
- Mugikortasuna. Nafarroa kalean biribilgunea egin, TAO eredua baloratu eta moldatu, bidegorrien sarea handitu, Vista Alegreko igogailua.
- Ingurumena. Urtetako zabortegia itxi, biotopoko pasabide berria egin eta torreioa berreskuratu.
- Sozioekonomia. Baserrien egoera eta lana aintzat hartu, eskualdeko diagnostiko sozioekonomikoa egin eta proiektu estrategikoa burutu eta marka turistikoa eguneratu.
- Enplegua. Ezkutuko enplegu baldintzetan dabiltzenekin lanketa egin eta lan brigadaren lan poltsa langabeekin osatu.
- Hirigintza. Aldapetan 60 etxebizitza egin, etxe hutsen kudeaketa Zarautz Lurretik abiatu eta beilatoki berria egin Abendañon.
- Kultura. Polikulturalaren azken kontratuak eten eta Modelo aretoa herriarentzat.
- Parekidetasuna. Parekidetasun plan berri diseinatu eta emakumee etxea sortu.
- Kirola. Behar bereziak dituztenentzat kirol eskaintza landu eta surf eskolen behin betiko arauketa.
- Gazteria. Gaztetxearekin akordio berria sinatu eta gazteria plana osatu.
- Ongizatea. Behar berezietara 165.000 euro bideratu eta jangela sozialaren ezarpena aztertu.
- Elkarbizitza. Gatazka politikoaren biktimen zerrenda egin, eta berraskidetzerako urratsak eman.
- Udala. Udal langileen eskubideak bermatu.
Zarauzko Udalak
Zarautz ehuntzen udal plana osatu du, herriko premiei erantzun eta zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko. Hala, udazkenetik hasi eta 2016. urte amaierara bitartean ehun egitasmo zehatz betetzeko konpromisoa hartu du erakundeak, alorrez alor. Proiektu txikiek, ertainek eta handiek osatzen dute plana, eta tamainaren araberako epeak jarri ditu horiek burutzeko; batzuk epe motzean egingo dituzte eta besteak, berriz, luzeagoan. Hain zuzen, zenbait bete ditu udalak dagoeneko, telefono mugikorretarako Zarautzi buruzko aplikazioa sortu du, esaterako. Beste batzuk lantzen ari da egun, besteak beste, Udal Musika Eskola abiatu eta haren etorkizuna bermatzen ari da, baita biotopoko pasabide berria egiteko aukerak beste administrazioekin aztertzen ere. Aurrera begirakoak ere zehaztu dituzte, beilatoki berria Abendañon egitea edota Modelo aretoa erostea, kasu.
Dena den, guztiak egiteko asmoa du. «Udal Gobernuak karta guztiak mahai gainean erakutsi ditu. Agerian, gardentasunez, inolako erreparorik gabe. Hauek bideratzera goaz. Gure hitza eman eta gure kudeaketa gaitasuna herritarren aurrean erakutsi nahi dugu», adierazi du Gari Berasaluze zinegotziak.
«Lehen fasetik bigarrengora jauzia» irudikatu nahi du udalak, hala. Lehen fasea egonkortze fasea izan da, Juan Luis Illarramendi alkatearen arabera. «Gobernuan jarri ginenean, udala egoera ekonomiko oso zailean aurkitu genuen. Bi urte egin ditugu, oinarrizko zerbitzuetan murriztu gabe, hainbat erabaki politiko hartzen». Horretarako, 2011n hauteskunde kanpainan Bilduk aurkeztutako herri programa hartu du «iparrorratz», eta horri Aralarren ekarpenak gehitu dizkio, Udal Gobernuan sartu zenez geroztik. Bi urtean egindako parte hartze prozesuetan bildutako herritarren iritzi eta proposamenekin osatu du udalak 100 egitasmo barneratzen dituen proiektu berritzailea.
Bidelagun eta notario
Horiek betetzen saiatuko da bigarren fase horretan, eta herritarren parte hartzea izango du bidelagun. «Zarautz oihal bezala irudikatu behar dugu, eta herritarrak hari zati gisa. Oihal hori guztiori haritzea dagokigu», nabarmendu du Berasaluzek. Bidelagun izateaz gain, «notario» lanak ere egingo ditu. «Hain zuzen, herritarrak izango dira gure konpromisoa fiskalizatuko dutenak. Haiek izango dira planak aurrera eramango ditugun bermea».
Etxezabalako erakusleihoan mural handi bat jarriko dute datozen egunetan, 100 koadrotxotan banatuta. Amaitzen duen proiektu bakoitzeko koadroak estaltzen joango da, «herritarrek planaren jarraipena egin dezaten». Hori ikusteko beste tresna bat ere jarri dute herritarren eskura sarean, Aser Lertxundi Aralarreko zinegotzi eta udaleko informatika saileko arduradunak:
www.ehuntzen.info webgunea. Bertan, ehun proposamenen xehetasun guztiak ezagutzeaz gain, bakoitza zein egoeratan dagoen ere ikusi ahalko dute zarauztarrek. Horretarako, egitasmo bakoitzaren azalpenaren aldamenean «semaforo moduko bat» irudikatu dute: gorriz agertuko dira oraindik hasi ez dituzten proiektuak, horiz hasita daudenak, eta berdez dagoeneko egin dituztenak. Betetakoaren ehunekoa ere ageriko da, «udalak emandako hitzaren zenbatekoa bete» duen egiaztatzeko.
Smartphone eta
tablet gailuetarako aplikazioa lantzen ari dira dagoeneko, eta Twitter bidez ere emango dute betetako proiektuen inguruko informazioa. Bestalde, datozen egunetan etxeetara banatuko dituzte planaren nondik norakoak biltzen dituen aldizkariak.