XXXIV. Natura Astea hasiko da gaur Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2013ko urriaren 15a

Perretxiko erakusketa egingo dute igandean, merkatu plazan (Amaia Ventas/Hitza) Arkamurka Natur Elkarteak gaur abiatuko du XXXIV. Natura Astea, amanitei buruzko hitzaldiarekin. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta mikologian aditu Pedro Arrillagaren eskutik, perretxiko mota hori hobeto ezagutzeko aukera izango da, 20:15etik aurrera, natur taldearen egoitzan. Perretxikoa izan ohi da aste honetako protagonista nagusia –egitasmoa erakusketa mikologikoarekin biribiltzen dute urtero–, baina, aldi berean, bestelako gai batzuk jorratzeko baliatzen dute, eta aurtengo gaia naturen kontserbazioa izango da. «Natur guneak, zein babesneurri dituzten eta horri buruz zein zalantza sortzen diren aztertu nahi dugu aurtengo ekitaldian», adierazi du Arkamurka elkarteko kide Asier Aldalurrek. Horretarako hitzaldi eta mahai-inguru bana antolatu dute. Arkamurkako kide Jon Zulaikak Naturaren kontserbazioarako babes motak izango ditu hizpide bihar, eta ostegunean, Zer egin dezakegu herritarrok naturaren kontserbazioan? galderari erantzuten saiatuko dira Lurgain Fundazioko Jon Hidalgo, Itsas Enara elkarteko Jon Mujika eta Zumaiako Natur Taldeko Aitor Leiza. «Hiruen arteko solasaldi bat izango da, eta ikusiko dugu ikuspuntu bera duten, baita aurrera begira zer planteatzen duten». Bi erakusketa Igandean, perretxiko erakusketa izango da ikusgai merkatu plazako beheko solairuan. Bezperan, perretxiko eta onddo bakoitza sailkatuko dituzte Arkamurkako eta Aranzadiko partaideak. Bigarren erakusketa bat ere atonduko dute aurten ere. Merkatuko bigarren solairuan jarriko dute ikusgai, eta landareei buruzko izango da. «Landarearen prozesu eta eboluzio guztia azalduko du­gu panel dibulgarri batzuen bidez», aurreratu du Aldalurrek. Erakusketak goizez eta aratsaldez zabalduko dituzte, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30­era. Aurten, ordu erdiz luzatuko dute ordutegia arratsaldez. Egitaraua Urriak 15, asteartea
  • Amanitak hitzaldia. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Pedro Arrillaga izango da hizlaria. 20:15ean, Arkamurka NaturaElkartearen egoitzan.
Urriak 16, asteazkena
  • Naturaren kontserbaziorako babes motak hitzaldia. Arkamurka Natura Elkarteko kide Jon Zulaika izango da hizlaria. 20:15ean, Arkamurka Natura Elkartearen egoitzan.
Urriak 17, osteguna
  • Zer egin dezakegu herritarrok naturaren kontserbazioan? mahai-ingurua. Hizlariak: Lugai Fundazioko kide Jon Hidalgo, Itsas Enara elkarteko kide  Jon Mujika eta Zumaiako Natur Taldeko kide Aitor Leitza. Mahai-ingurua Arkamurka Natura Elkarteko kide Aitziber Sarobek gidatuko du. 20:15ean, Arkamurka Natura Elkartearen egoitzan.
Urriak 19, larunbata
  • Perretxiko-sailkatzea. Arkamurka Natura Elkarteko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko partaideen laguntzaz, merkatu plazan.
Urriak 19, igandea
  • Perretxiko eta landare erakusketak. Ohiko perretxiko erakusketaz gain, landareen inguruko beste erakusketa izango da ikusgai, 11:00etatik 14:00­etara eta 17:00etatik 19:30era. Perretxiko erakusketa merkatu plazako behe solairuan bistatu ahal izango da, eta landareena goiko solairuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide