Diego Garciari buruzko kontakizunak liburu batean jasoko dituzte 2014an

Ane Olaizola 2013ko urriaren 15a

Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzdado, Helsinkiko Europako Txapelketako maratoi probaren helmugan, 1994an. Hurrengo urtean hogei urte beteko dira Diego Garcia korrikalaria zenak ibilbide profesionaleko «arrakasta handiena» lortu zuenetik. Izan ere, 1994. urtean Helsinkin Europako maratoi txapelketan zilarrezko domina lortu zuen azkoitiarrak, eta horren harira Garciaren kirol ibilbidea jasoko duen egitasmoa prestatzen ari dira haren gertuko lau lagun. Bere anaia Manuel Garciak, haren masajista Juan Mari Olaizolak, entrenatzaile Xanti Perezek, eta Txetxu Urbietak abiatu dute proiektua. «Diegori halako zerbait zor genion, eta urteurrena aitzakia hartuta hasi dugu proiektua. Korrikalariaren herentzia zabaldu nahi dugu», adierazi du Urbietak, Euskadi Irratiko kirol zuzendariak. Haren inguruko liburua eta webgunea sortuko dute, eta Urbietak izango du liburuaren ardura. Argitu dutenez, 2014ko ekainean argitaratuko dute liburua eta webgunea. Azkoitiarren kirol ibilbidea jasoko dute proiektuan. Urbietak azaldu duenez, osagarriak izango dira liburua eta webgunea, eta teknologia berriez baliatuko dira horretarako. «Ez da ohiko liburu biografikoa izango. Liburu txukuna eta modernoa egitea da gure asmoa. Diego maratoi modernoaren aitzindaria izan zen, eta lan hau ere produktu modernoa eta berria izan dadin nahi dugu». Hala, datuak euskarri digitalera bideratzeko asmoa dute, eta liburua testuz eta argazkiz osatuko dute. «Ipuin txikien bilduma izango da. Norberak bere bihotza jarriko du», aurreratu du azpeitiarrak. Izan ere, Garciaren ingurukoen kontaketekin osatuko dute haren omenezko liburua. «Senideek, arrantzale izan zen garaiko lankideek, soldaduskako lagunek, entrenatzaileek, orduko korrikalariek bizipenak kontatuko dituzte». Azken kapitulua, gainera, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak idatziko du. «Diego hil zenean Azkoitiko jatetxe batean zen Ibarretxe, ospakizun batean, eta berria jakin orduko bisitatzera joan zen». Honen arabera, orduko lehendakariak «oso gustura» jaso du eskaintza. «Ekarpen apalen bidez» Proiektu osoa Azkoitian eta Azpeitian egingo dute. «Jakina da bi herrientzat une zailak direla, baina proiektu honekin erakutsi nahi dugu bi herriak lanean jarraitu eta gauza berritzaileak egiteko gai direla». Antolatzaileek jakinarazi dute egitasmoa irabazirik gabeko asmoarekin gauzatuko dutela, eta etekinik ateraz gero, Azkoitiko eta Azpeitiko kirol ekimenetara bideratuko dute. Horretarako autofinantziaziora jo dute. «Ekarpen txikiekin gauzatu nahi dugu proiektua». Ahalik eta laguntzaile gehien erakartzea da haien helburua. «Bailarako herritarrek, enpresek edo dendek egitasmo honetan parte hartzeko aukera izango dute, diru laguntza apalen bidez. Asmoa da laguntza txiki askorekin denon mesederako izango den produktu erakargarria egitea». Nabarmendu dute helburua ez dela zama eragitea herritarren artean. «Liburua ahalik eta gehien zabaltzea eta guztientzako errentagarria izatea nahi dugu». Hala, hamabost euroko ekarpena egiten duten norbanakoek liburua aurkeztu baino lehen jasoko dute, eta liburuan eta webgunean izen-abizenak argitaratuko dituzte. Merkatariek, enpresek eta babesleek ere ekarpenak egin ditzakete, eta euren publizitatea jarri eta liburuak eskuratuko dituzte, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide