Adinekoen bizi kalitatea hobetzeko, ‘Orio lagunkoia’ egitasmoa abiatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 15a

Goiko Kaleko festetan Orio lagunkoia ekimena aurkeztu diete herritarrei (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Udalak Orio lagunkoia izeneko egitasmoa martxan jarriko du. «Ekimenaren helburua da herritarrak, merkatariak eta askotariko arloak jorratzen dituzten eragileak adineko jendearekin eta ezinduekin sentsibilizatzea. Elkarrekin guztiontzako herria sortu nahi dugu», azaldu du Miriam Uranga Ongizate zinegotziak. Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak finantzatu, eta Matia Institutu Gerontologikoak antolatutako proiektua da, eta zahartzen ari diren pertsonen ongizatea hobetzea du xede. «Inguru lagunkoiak, pertsonen bizi-kalitatea areagotzeko osasuna, parte hartzea eta segurtasuna hobetzen dituenez, bizitza independentea, zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala sustatzen ditu», azaldu dute antolatzaileek. Herritarren iritzia topaketetan Orio lagunkoia egitasmoarekin herritarren gizarte partaidetza, gizarte kohesioa, belaunaldien arteko harremanak eta herritarren eta administrazioaren arteko komunikazioa sustatu nahi dituzte, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetze aldera. Hori lortzeko Matia Fundazioko teknikariek eta Orioko Udalak prozesu parte-hartzailea abiatu dute, Orio lagunkoria ekimenaren baitan. Larunbat goizean Goiko Kaleko jaietan postua jarri zuten egitasmoa oriotarren artean ezagutzera emateko. Bertan proiektu honen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, herritarren iritzia ere jaso zuten herriko lagunkoitasun mailari buruzko analisia egin, eta hobetzeko arloak proposatzeko. «Oso harrera ona izan du ekimenak. Oriotarrei egitasmoaren inguruko informazioa eman genien, eta 350 galdetegi inguru banatu genituen», nabarmendu du Aitziber Indartek, Matia Fundazio Gerontologikoko teknikariak. Hurrengo urratsa azterketa kualitatiboa egitea izango da. «Adineko pertsonek hainbat arloren inguruan hausnar dezaten topaketak antolatu nahi ditugu. Zaharren Babes Lekuan eta Esperientzia eskolan egingo ditugu». Antolatzaileek uste dute parte hartzeari esker herritarrek Orion hobeto zahartzeko behar dena ezagutzeko aukera izango dutela. «Jarraian guztion artean Orio herri lagunkoiagoa bihurtzeko plangintza osatu, eta aurrera eraman nahi dugu. Adinekoek kalitatezko zahartzaroa izan dezaten baliabideak jarri behar ditu herriak. Horregatik, ikerketatik ateratzen ditugun ondorioak udalean aurkeztuko ditugu, eta Orioko Udala horiek betetzen saiatuko da, ahal duen heinean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide