Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriko merkataritza dinamizatzeko ahaleginean, Ikusi Arte erakusketa irekia antolatu du Murkil Zarauzko dendarien elkarteak, Udalarekin eta Xpresssionk kultur plataformarekin elkarlanean. Aurtengoa bederatzigarren aldia da, eta azaroaren 1etik 17ra izango da. Aurtengo deialdia margolariei zuzenduta dago, eta dagoeneko kaleratu dituzte lehiaketan parte hartu ahal izateko baldintzak. Nahi duten artista guztiek hartu ahalko dute parte, baina bereziki zarauztarrei zuzenduta dago, jakinarazi dutenez. Artista bakoitzak 7-12 lan aurkeztu beharko ditu urriaren 20a baino lehen, hasieran argazki digitalean edota paperean—10 x 15 zentimetro koadroko euskarrian—. Artelanek haien izenburuak, neurriak eta azalpen txiki bana eraman beharko dute. Horrez gain, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa gehitu beharko zaizkio.
Argazkiak murkilwebberria@hotmail.com zein jokin@xpressionk.net helbide elektronikoetara bidali ahalko dira, postaz Murkil, 102 posta kutxa, 20800 Zarautz helbidera.
Lanak argazki euskarrian jaso ondoren, erakusketarako egokienak direnak aurkeratuko ditu epaimahaiak. Artistak urriaren 23an aukeratuko ditu horrek. Behin aukeraketa egin ondoren, merkatariek nahi duten obra hautatu ahalko dute, eta lanek establezimendu bakoitzeko erakuslehioan leku berezia izango dute. Artista bakoitzak urriaren 31a baino lehen eraman beharko du bere jatorrizko lana —gutxieneko neurria 50 x 50 zentimetro koadro eta gehienekoa, 150 x150 zentimetro koadro—dagokion dendara.
Antolatzaileek batzorde tekniko bat izendatuko dute, lan irabazlea aukeratzeko. Saritutako artistak 2014an Zarauzko Torre Luzeako aretoan bere lanaren bakarkako erakusketa egiteko aukera izango du. Azaroaren 14an jakinaraziko da horren izena. Gainerako lanak azaroaren 18tik 25era jaso ahalko dira, ikusgai egon diren establezimenduetan.
Artistek, nahi izanez gero, beren lanak saldu ahalko dituzte, baina ezingo dira eman erakusketa bukatu aurretik. Parte hartuko duten establezimenduek egingo dute salmentaren bitartekaritza; bertan prezioaren, lanaren eta artistaren datuen eta abarren berri emango zaie interesa dutenei.