http://youtu.be/mHuhG1ixeek
http://youtu.be/LGqNSrWu51k
Ostiralean aurkeztu zuten Libre dinamika Zarautzen. Gaur Euskal Herriko gazte mugimenduaren eta ostegunean Herriko tabernen aurka hasiko dituzten epaiketa politikoak salatu, eskubide zibil eta politikoak defendatu eta auzipetuei babesa agertzeko sortu dute, hain zuzen, ekimen hori. "Epaiketa hauekin argi geratzen da Euskal Herrian politika egitea guztiz judizializatua dagoela eta argi geratzen da baita ere herritar guztiok ez daukagula lan politikoa egiteko eskubiderik", nabarmendu zuten ekitaldian. Epaiketa politikoena ez dela "zerbait berria" ohartarazi zuten, baina "geure esku" dagoela datozenak "azkenak" izan daitezen lortzea. "Datozen bi urteotan 200 pertsona epaituak izateko zain daude, tartean Askapenako kideak, abokatuak, Segurako sarekadan atxilotuak, Gazteak, etab. Errealitate honen aurrean gutako bakoitzaren jarreraren eta guztiok batera emango dugun erantzunaren araberakoa izango da pertsona hauen eta baita Euskal Herriaren etorkizuna".
Aste honetan, 78 herritarrez gain Euskal Herriko 110 elkarte eta taberna epaituko dituzte, tartean Zarauzko Arrano kultur elkartea eta taberna. "Ondorioak larriak bezain argiak dira: Arrano taberna ixteko arriskuan dago". Horrez gain, juridikoki "sekulako astakeriak" egin dituztela nabarmendu zuten: "Sumarioan instrukzio desastrosoaz gain, juridikoki Europan eman ez den ezaugarri bat dago: epaiketako peritu guztiak poliziak izango dira, instrukzioa egin zuten polizia berak". Horrekin batera, Herriko Tabernen auzia duela 11 urte eta erdi hasi zela gogoratu dute, eta ondorioz inputatuek—tartean Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak— denbora hori baldintzapeko askatasunean pasatu dutela. "Politika egiteko debekuak, estatutik irteteko debekuak, asteroko sinatzeak, kontu korronte pertsonalak blokeatuak, 1.7 milioi euro fidantzatan ordainduak, eta larriena dena, aste honetan hasiko diren bi auzitako kideak dagoeneko 80 urteko espetxe zigorra betea dute guztien artean. Epaituak izan aurretik, beraz, zigortuak izan dira".
Gazteen epaiketa "gutxienez hilabete luzatuko" dutela aurreikusi dutela adierazi zuten, eta 35/02 (herriko tabernen auzia) "gutxienez bost hilabete". Horrek "arazo pertsonalez" gain, "kostu ekonomiko izugarria" ere eragingo die: "Bi epaiketetako aurrekontua milioi bat eurokoa izango da. Hori aurreikusitako epeetan eginez gero. Gainontzean, epaiketa luzatuko den hilabete bakoitzagatik 150.000 euro gehiago ordaindu beharko dira".
Atxikimendua eta parte hartzea
Hori guztia kontuan izanda, "oraingoan ere euskal jendartearen normalizazioaren aurka egin" dutela esan zuten, "lan politikorako eskubidea urratuz". Horren aurrean, Librek ez du "ideia politiko konkretu batzuen defentsa" eskatzen, "guztion eskubide zibil eta politikoen defentsa baizik". "Herri osoaren aurkako erasoa da", eta ondorioz, "herri gisara erantzutea dagokigu". Horretarako lehen tresna dagoeneko martxan dagoela jakinarazi zuten ostiralean:
manifestua. Hori sinatzera animatu zituzten herritarrak.
Era berean, datozen egunetarako antolatu dituzten jardueretan parte hartzera deitu zituzten zarauztarrak. Hona hemen hitzorduak:
- Urriak 14, gaur. Gazteen epaiketa hasiko dute eta "kaleak asteintzeko" informazio banaketa masiboa egingo dute kalean.
- Urriak 17, osteguna. 35/02 auziko epaiketa hasiko dute, eta horren harira, elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharren Enparantzan 18:30etik aurrera,
Epaiketa politikorik ez lelopean.
- Urriak 26, larunbata. Manifestazio nazionala, Bilbon,
Epaiketa politikorik ez. Konponbidearen alde eskubide guztiak lelopean.
- Azaroak 16, larunbata. Libre Eguna, Zarautzen.
Libre dinamikaren aurkezpena egin zuten ostiralean Zarauzko Musika Plazan. Amaia Ventas