(Amaia Ventas/Hitza)
Ion Arozena Libre dinamikako kidea da, eta Koldobike Muniain Arrano elkarteko batzordeko kidea. Gaur iluntzean aurkeztuko dute Libre dinamika Zarautzen, eta horren inguruan jardun dute biak UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Zein helbururekin sortu duzue Libre?
Ion Arozena: Libreren helburua orain hasiko diren epaiketen aurrean herri bezala erantzuna ematea da. Erantzuna epaiketa hauek herritarren politika, elkartze...askatasuna ukatzen dutelako. Erantzuna egoera berri batean, Euskal Herrian gaur egun duguna horrelako neurrigabeko erasoak ezin daitezkeelako onartu. Erantzuna, azken finean, askatasuna behar dugulako. Horretaz gain, etorkizunean izan daitezkeen aferen aurrean ere erantzuna ematea izango da.
Koldobike Muniain: Euskal Herriaren egoera politiko berria aldarazi nahi du Espainiako Estatuak, azken urteetan ezer aldatu izan ez balitz bezala, eta ukazioaren eta inposaketaren bidez independentismoa eta ezker abertzalea ahultzea bilatzen du.
Blokeo jarrera horri erantzuten dio Libre dinamikak. Euskal Herriak libre izateko eta bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubide eta determinazio irmoa adierazteko balioko du. Era berean, auzipetutako pertsonen eta taberna zein elkarteei atxikimendu eta babesa erakusteko, eta epaiketak ekarriko dituen gastu ekonomiko izugarriei aurre egitko.
Zein izango da dinamika?
I.A.: Batetik, auzipetuei babesa eta laguntza emango zaie, momentu hauetan izan ditzaketen arazoekin lagundu... Bestetik, herritar guztien apurra ere eskatuko dugu, haien konpromisoa lortzeko bidea izango baita. Denen konpromisoarekin bidea egingo dugu Espainiako Estatuaren bidegabekerien aurrean.
K.M.: Zarautzen bi auzipetu daude herrikoen auzian, eta Arrano taberna zein elkartearen desjabetzea eskatzen da. Arranoren kasuan bazkideek eraikina erosi eta taberna eta elkartearen egitasmoa abian jartzeko dirua jarri genuen; bazkideok egin dugu lana hau guztia aurrera ateratzeko, eta orain hori ez dela horrela esan eta kendu egin nahi digute.
Euskal Herrian hainbat herritan jarri da abian dinamika. Bakoitzak bere kasuistika du, ezta?
K.M.: Libre dinamika orain abiatu da, epaiketen hasiera iragarri denean, baina herritarren babesa ez da orain hasi; auzipetutako pertsonak nahiz tabernak eta elkarteak herrian oso errotuta daude, eta era askotako laguntzak, inplikazioak eta konplizitateak landu dira urte askotan. Herritarren batasunari eta herri mugimenduari pertsona eta taberna zein elkarte horiek eskaini diotena adinakoa da haiek azken horiei egin dieten ekarpena.
Orain, jakina, urteetan landutakoaren uzta jasotzeko garaia da. Une larri hauetan herritarrok adierazi behar dugu libre behar ditugula pertsona horiek, eta libre taberna eta elkarte horiek ere, herriaren aldeko lanean jarrai dezaten. Gizartearen konpromisoa ezinbestekoa da, beraz, Zarautz ez baita bera izango herritar horiek eta Arrano taberna eta elkarterik gabe.
Zein erantzun espero duzue herritarren partetik? Gizartearen konpromisoa beharrezkoa al da?
I.A.: Ikusita doako erasoa dela, herritarren parte hartzea eta konpromiso handia espero dugu. Gainera, aintzat hartu behar dira bi kontu. Batetik, herrian gazte ugari ari direla lanean gazte mugimendu sendoa osatzeko, baita herri gisa aurrera ateratzeko ere. Hau horrela izanik, askotariko gazteen parte hartzea espero dugu, gazte guztion kontrako erasoa baita.
Bestalde, herriko tabernen epaiketari dagokionez, tabernak eta elkarteak urte asko daramate ekintza ugari egiten herri guztiarentzat (kulturalak batik bat). Dinamika hauetan herritar askok parte hartu dutenez, haien konpromisoa ere espero da, etorkizunean ere izan daitezen horrelako ekimenak.
K.M.: Kezkatuta gaude; nola ez gara egongo kezkatuta, bada, Madrildik datorkigun haizearen norabidea ikusita. Konponbideari ateak itxi nahian dabiltza, blokeo egoera indartu nahirik, baina guk ez dugu etsiko, badakigulako arrazoia ez ezik herritar ugariren babesa dugula. Horretan lanean jarraituko dugu, herriari ekarpen handia egiten diolako Arrano Kabia elkarteak.
Nola ikusten duzue epaiketa?
I.A.: Hobe da horretan gehiegi ez pentsatzea. Eraso hau egin zutenean Euskal Herria egoera politiko jakin batean zen. Egoera berri baten aurrean gaudela esaten dugu behin eta berriz, baina honek ez du isla handirik egunerokoan. Pasa den asteko Herrira-ren aurkako operazioa da horren isla. Hala ere, espero duguna zera da, bidegabekeria honen aurrean Libre dinamikak laguntza, babes eta konpromiso zabala lortzea; emaitza edozein delarik ere, herri bezala erantzun indartsua ematea.
K.M: Nork jakin. Arriskua zein den badakigu: kartzela zigorra auzipetuentzat, eta Arrano taberna eta elkartea ixtea eta desjabetzea. Hori izugarria izango litzateke! Gure indar guztiarekin eragin behar dugu astakeria hori ekiditeko. Erantzun hori presio bilakatzeko hartuko diren erabaki politiko horietan. Epaiketa politiko baten aurrean gaudela argia da.
Zeintzuk dira aurrera begirako egitasmoak?
K.M.: Gaur aurkeztuko da Zarauzko Libre dinamika, eta epaiketak irauten duen bitartean (sei hilabete, gutxienez) askotariko ekimenak izango dira herrian. Horien helburua atxikimendua eta babesa lortzea da, baina laguntza ekonomikoa ere bilatu behar dugu, eta, zentzu horretan, dagoeneko laguntza bonuak salgai daude Arranon bertan, nahi duenak erosteko; dezente saldu ditugu orain arte. Benetan eskertzen dugu jendeak egiten duen ahalegin hori ere.
Urriaren 14an gazteen aurkako epaiketa hasiko denez, informazioa banatuko da kalean egun horretan bertan. Urrian 17an, berriz, herrikoen epaiketa hasiko da, eta bilkura egingo da 18:30ean udaletxe aurrean. Azaroaren 16a egun garrantzitsua izango dugu Zarautzen, Libre eguna antolatzen ari baikara egun horretarako. Arrano Taberna eta Elkartea eta herritarrak izango dira protagonistak; bazkideen batzarra eta bazkariaz gain, hainbat ekitaldiz osatuko da egun hori.
Urriak 26rako Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joateko ere dei egiten dugu , Zarauztik jende uholdea eramateko bertara.