Elosuko Ganadu Azokako irudi bat (Nerea Uranga/Hitza)
Egitaraua. Urriak 12, larunbata
- 11:30. Azkoitiko Napar Zuzterrak antolatuta, errepideko bidegurutzean elkartuko dira. Kalejiran Iriaun gaztelura joango dira, trikitilariekin. Han ekitaldia egingo dute.
- Jarraian. Jarraian Laja II eta Lutxurdixo trikitilariak.
- 17:30. Bertako hiru harrirekin erakustaldia: Bentoste Elkartea (idiak) 1500kiloko Bentoste harriarekin; Josu Txibiltar (behorra) 900 kiloko Ixaun harriarekin eta Inazio Zubizarreta Koatei (astoa) 550 kiloko Lutxurdio harriarekin.
- Ondoren. Erromeria eta afaria.
- Egun guztian zehar. Laja II eta Lutxurdio trikitilariak.
Urriaren 12arekin batera, hogeita hamabosgarren urtez giro herrikoia izango da nagusi bihar Elosuan. Mendi Ganadu Azoka egingo dute Azkoitia eta Bergara artean banatzen den auzoan, eta ohi bezala, animaliak, txapelketak, postuak eta trikiti doinuak izango dira eguneko protagonista.
Elosuko jolas parkea (Ane Olaizola/Hitza)
Aurten, gainera, plaza eraberrituta dutela ospatuko dute auzotarrek urteroko azoka. Izan ere, apirilaz geroztik hesitutako umeentzako jolas eremua, 22 aparkaleku eta proba lekua egiten aritu dira hango plazan, eta dagoeneko amaitu dituzte. Azkoitiko eta Bergarako udalek sustatuta egin dituzte obrak, eta 131.263 euroko aurrekontuarekin; hain zuzen, landa-inguruneak sustatu eta garatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Erein programatik 49.402,81 euroko diru-laguntza jaso dute, eta proiektua Berpiztu programaren emaitza izan da.
Azokarekin, inaugurazioa
Aurreikusi bezala, azokarako amaitu dituzte obrak. Hasiera batean, bihar ziren Proba Plaza inauguratzekoak, baina
azken aldaketak medio gaur izango da inaugurazio ekitaldia, 19:00etan.
Proba lekua bihar bertan estreinatuko dute, eta han dauden hiru harriekin erakustaldia egingo dute. Bentoste Elkarteak 1500 kilo (Bentoste harria) mugituko ditu idiekin. Josu Txibiltarrek astoarekin 900 kiloko Ixaun harria mugituko du. Inazio Zubizarretak, berriz, astoekin egingo du erakustaldia, eta 550 kiloko Lutxurdio harria erabiliko du.
Elosuko proba lekua (Ane Olaizola/Hitza)
Bi autobus joan-etorrian
Ekitaldien artean, Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, auzoko gaztelua gogoratuko dute. Nafarroako Erresumaren barruan egon zen gaztelua, eta defentsarako erabiltzen zuten. Gaztelua egon zen lekuan ekitaldia egingo dute, hara kalejiran joan ondoren.
Azokara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua egongo da. 09:00etatik 20:00etara artean etenik gabe arituko dira bi autobus Azkoitia eta Elosua artean joan-etorria egiten. Auzora igotzeko Julio Urkijo eta gasolindegiko geltokietan egingo du geldialdia. Bueltan, berriz, gasolindegiko eta liburutegiko geltokietan utziko dituzte herritarrak.