Iker Gonzalez, kimika berezia musikarekin

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 10a

(Aitor Manterola/Hitza) Zumaiarra izango da ia erabat San Pedro Abesbatzak eta Udal Musika Bandak grabatuko duten Suite diskoa. Bost obretatik bi Iker Gonzalezek (Zumaia, 1976) konposatu ditu, eta diskoaren azala eta kontrazala Valentin Manterola margolariak egingo ditu. Gonzalez umetatik hasi zen musika konposatzen. «Betidanik gustatu izan zait», dio. Eta hor jarraitzen du. Disko honetarako, Amalur eta Itsasoa eta eguzkia obrak konposatu ditu. «Aurrenekoa Bitoriano Gandiagaren poesia batean oinarritua da. Bereak dira letrak. Urtaroez ari da, eta pasarte batzuk osorik hartu ditudan bezala, beste batzuen zatiak bakarrik erabili ditut». Tolosako Abesbatzen lehiaketaren aurreko jardunaldien baitan estreinatua da obra hori. Bestearen egilea, zumaiarra da: «Balendiñe Albizu poetarena da Itsasoa eta eguzkia. Begira ari zaio itsasoari, eta deskribatu egiten du. Ilunabarraren berri ere ematen du». Lan hau zergatik aukeratu zuen aipatu du: «Zumaiarra izanik Albizu, egokia iruditu zitzaigun, herriari lotutako lana izango delako diskoa». Amalur Abesbatzak bakarrik egingo du diskoan, pianoaren laguntzarekin. Itsasoa eta eguzkia ere horrela joango da, baina klarinetea gehituta. «Mikel Emezabalek berak joko du. Oso ona da, eta aukera baliatu beharra zegoen». Musikarekin duen loturari beste katebegi bat gehitzea izango da diskoa Gonzalentzat. «Zaletasun handia daukat sormenerako, baina ez naiz musikari profesionala. Lanbidez eta ikasketaz kimikaria naiz, irakaslea unibertsitatean, orain lanik gabe nagoen arren. Musikarena afizioz egiten dut». Sortzeaz gain, organoa jotzen du San Pedro elizan, eta Abesbatzako kide ere bada. Sormena eta kantatzea zein organoa jotzea elkarri lotuta daudela iritzi dio: «Bi aldeak ezagutzea oso garrantzitsua da: idatzi edozer idatzi daiteke musikaren arloan, baina gero ezin da kantatu. Kantatzeko den obra bat idazteko beharrezkoa da kantaria izatea. Gertatu izan zaigu obra bat hartu eta kantatzeko zaila izatea. Bandan ere berdin gertatzen da. Musikalki ona izan daiteke lan bat, baina gero zaila jotzen». Sormenari lotuta segituko du, ez du batere dudarik: «Ikasteko aukera ematen dit, batetik, eta gustatzen zaidana egiteko aukera, bestetik». Kimika berezia baitu musikarekin eta sormenarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide