Sentsibilitate desberdinetako herritarrek Zestoako Libre ekitaldia babestu dute
(Hitza)
Hurrengo astean bi makro-epaiketa hasiko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean; Segiko kide izatea leporatuta, 40 lagun epaituko dituzte astelehenetik aurrera, besteak beste Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. 35/02 auziko epaiketa, berriz, hilaren 17an hasiko da, eta 111 herriko taberna eta kultur erakundetako 40 ordezkari dira igarotzekoak epailearen aurretik; eskualdean, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Azkoitiko Zakela kultur elkartea, Azpeitiko Orkatz kultur elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano Elkartea eta Zumaiako Inpernupe elkartea dira auzipetuak.
Epaiketa horiek salatzeko Zestoako Udalak ez-ohiko plenoa egin zuen atzo iluntzean, eta udalbatzarra osatzen duten Bildu eta EAJk aho batez onartu zuten han landu zuten mozioa; «epaiketa politiko» gehiagorik ez egitea eta «elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak» ezar daitezela eskatu dute. Hala, Ertxini euren babesa adierazi diote, eta honi laguntzeko prest azaldu dira. Zestoarra Madrilera deklaratzea joaten den egunetan, gainera, elkarretaratzeak egiteko deia egingo du udalak, eta epaiketak irauten duten bitartean 'Konponbidearen alde, epaiketa politikorik ez' kartela jarriko dute plazan.
Horrez gain, epaiketa salatzeko egingo dituzten ekimenetan babesa eta laguntza eskainiko duela berretsi du udalak; hain zuzen, bihar Libre ekitaldia egingo dute Zestoan, epaiketa bertan behera geratu dadin aldarrikatzeko. Sentsibilitate desberdinetako herritarrek bertara agertzeko gonbitea luzatu dute.