[caption id="attachment_75818" align="alignleft" width="300"]

Ezkerretik eskuinera, Guillermo Astrain, Unai Lazkano, Igor Escudero (behean) eta Ekhi Lopetegi (Argazkia: Nacho Alegre)[/caption]
Delorean taldekoen familiek lau gazteak "bakean uzteko" eskatu dute. "Txikituta daude, eta indartu bitartean lasai uzteko eskatzen dugu". Astelehenean bahitu zituzten zarauztarrak Mexiko Hirian, eta bahiketak iraun zuen hogeita hamar orduetan "benetako heriotz mehatxuak" jaso zituztela adierazi dute taldekideek ohar baten bidez. "Astelehen goizetik bizi izan dugun egoera ez da inondik inora birtuala izan". Zaintzapean zeudela sinetsarazi zioten bahitzaileak laukoteari, baina "zenbait unetan ondoan" izan zituztela azaldu du taldeko abeslariaren aitak, Fernando Lopetegik. Hori dela eta, "benetako izua" sentitu dute Ekhi Lopetegik, Unai Lazkanok, Igor Escuderok eta Guillermo Astrainek. Erreskatea ere "beldurgarria" izan dela jakinarazi du. "Polizia Federala eta Interpol pistolak eskuetan zituztela sartu ziren bahituta zeuden gelatxora, eta hormaren kontra jarri eta armekin apuntatu zituzten laurak, ez baitzekiten zer ari zer gertatzen". Egoera hori ez zela "birtuala" izan errepikatu du.
Dena den, polizien arteko elkarlana "ikaragarria" izan dela gaineratu du Lopetegik. "Ertzaintza pistak biltzen joan zen, eta etengabe elkarlanean aritu ziren lau poliziak". Horri esker, "ordu batzutan" atera zituzten gordelekutik.
Deloreanekoek Mexiko "errugabetu" egin dute. "Herrialde harrigarria da, eta ongi hartu gaituzte beti. Munduko beste edozein tokitan gerta zitekeen hori". Era berean, halako kasuak gizarteratzea nahi dute, "beste inori gerta ez dakion".
Telefonoa oinarri
Ertzaintzak azaldu du bahitzaileak tarteka joan zaizkiela atxikita zeuden lekura; hori ukatu egin du Mexikoko Poliziak. Telefonoa da gakoa, halere. Maiz-maiz deitzen diete atxikita daudenei, eta ohartarazten diete egoteko erne, zaintzapean daudela, ez irteteko handik. Aldi berean, senideei hots egiten diete, mehatxuka. Agerrarazten duten egoerak itxuratik gehiago du, hala ere. Atxikita egon dira taldekideak, zaintzapean zeudelakoan, baina Poliziak uste du ez dituztela kontrolaturik eduki une oro. Arriskuan zeuzkatela sinetsarazi diete senitartekoei ere, telefono bitartez. Bahiketa birtuala.
Ertzaintzak jaso zuen salaketa astelehen goizean, eta, nazioarteko kasua denez, Espainiako Poliziari abisu eman zion. Mexikoko Poliziarekin jarri harremanetan, eta hark aurkitu zituen musikariak. «Onik» zeuden. Gertatu zenaz lekukotasuna hartu zieten poliziek. Bizkartzaina jarri diete handik irten arte, Miguel Angel Fernandez de Mazarambroz Espainiak Mexikon duen kontsul nagusiak herenegun gauean BERRIAri jakinarazi zionez. «Hegazkina hartu bitartean babes poliziala edukiko dute».
Atzo zuten hartzekoa etxerako bidea, Lopetegiren arabera. Gaur Zarautzen egotea espero dute. Datozen egunetan AEB Ameriketako Estatu Batuetan ematekoak zituzten kontzertuak bertan behera utzi dituzte, horrenbestez. «Ez da posible jarraitzea egoera hori pasatu eta gero», azaldu du aitak. Oraindik ez dute zehaztu noiz arteko kontzertuak etengo dituzten.
Gisa horretako bahiketak indarra hartzen ari dira Mexikon, kontsulak ohartarazi duenez. «Azken boladan kasu gehiago izan ditugu. Badirudi modan jarri direla». Joan den astean bertan izan zuen beste kasu bat: Kataluniako enpresari bat atxiki zuten hotel batean, eta senideei diru eske deitu zieten. Poliziak askatu egin zuen.
Gero eta kasu gehiago
Ohiko bahiketak baino errazagoa da era horretakoak egitea, eta Fernandez de Mazarambrozek uste du horregatik ari direla kasuak ugaritzen. «Azkenean bahiketarik ez da egin behar. Bakartu egiten dituzte, eta erabat kontrolatuta dauzkatela sinetsarazi». Eta Mexiko da. «Badakigu nolakoa den egoera hemen. Guztiz normala da deia jasota izuak hartzea, nahiz eta egoera ez izan uste bezalakoa». Deiak, mehatxuak, negoziazioak. Trantzea igaro dute senideek ere. Lopetegi aritu da bahitzaileekin hizketan. «Bahiketa birtuala dela esango dute, baina nire etsairik handienari ere ez diot opa pasatu duguna pasatzea».
Polizia ikertzen ari da, baina kontsulak ohartarazi du zail dela bahitzaileak atxilotzea. «Ez dira han egoten. Arrasto gutxi dago». Drogarekin lotutako mafiek ez, «ohiko gaizkileek» egiten dituzte halakoak, haren esanetan. «Kartzelatik ere aritzen dira: taldeko batzuek atxiki norbait, eta negoziatzailea kartzelan». Telefonoa espetxean? «Ezin da, baina Polizia zorroztasunik gabea da hemen».