Ardo Egunean, Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa ere bai

Nerea Uranga 2013ko urriaren 10a

Azpeitiko Ardo Dastaketa Eguna urriaren 26an izango da. Aurten berrikuntzak ere izango dira egun horretan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa jokatuko da, 12:00etan, Azpeitiko plazan. Bertan, Euskal Herriko txorizo egile edota harakin guztiek har dezakete parte. Baina lehiatu ahal izateko aurrez izena eman behar da. Urriaren 22rako egin beharko dute interesatuek, telefono zenbaki hauetakoren batera deituta: 943- 27 21 28 (Txerri harakin eta harakinen gremioaren Donostiako egoitza) edota 943-15 70 68 (Azpeitiko Udaleko Kultura Saila). Izen-abizenak eta helbidea eman behar dira. Txorizo lehiaketan parte hartzeko izena ematen dutenek urriaren 26 goizean bi kilo txorizo aurkeztu beharko dituzte Azpeitiko plaza nagusian egongo den lehiaketako postura. 12:00etan hasiko da norgehiagoka, eta sariak egun horretan bertan 13:00etan banatuko dituzte. Epaimahaia eta sariak Epaimahaia sukaldaritza alorreko adituek osatuko dute, eta txorizoak epaitzerakoan honakoa hartuko dute kontuan: produktu freskoak duen itxura eta egosi ondoren duen zaporea.Txorizo lehiaketako irabazlea epaimahaikoen puntu gehien jasotzen dituena izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, lehenengo saria ez da hutsik geldituko. Aurreneko saria garaikur ziurtagiria eta diploma izango da. Bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren tokian sailkatzen diren txorizo egileek diploma bana jasoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide