Abenduaren 20an egin zuen debuta Lou Topet taldeak, eta harrezkero aparra bezala egin du gora. Hedabideetan nonahi irakurri, ikusi eta entzun ahal izan da bere jarduna, laudorio hitzekin betiere. Momentuko sentsazioa bihurtu da Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) eta enparauen proiektua, eta bolada onari jarraipena eman nahian,
Esnatu dira estreinako diskoa aurkeztuko dute etzi, Donostiako Viktoria Eugenian.
(Argazkia: Juan G. Andres)
Urtea ere ez da pasa, eta sekulako oihartzuna lortu du taldeak. Harrituta al zaudete erantzunarekin?
Ez genuen espero horrelako oihartzunik. Asmo onez ekin genion, guretzako eta, era berean, partekatzeko zerbait egin nahian, eta gugan arreta jarri duen jendeak markatu du diferentzia. Horiei esker iritsi gara honaino; kazetari batek zerbait idatzi duelako, besteak irratian jarri duelako... Pixkanaka-pixkanaka pilota handitzen joan da, eta aurreikuspen batzuk sortu dira gure inguruan. Hortik sortu da guztia.
Pare bat abestiren ikus-entzunezkoa erakutsi bezain pronto, zuen izena bolo-bolo zabaldu zen. Gainera, kritika oso onekin.
Egia esan, ez dugu kritika txarrik jaso, eta horrek ere kezkatu egiten zaitu. Hau guztia ez ote den gehiegi puzten ari pentsatu dut. Baina segidan errealitatera itzultzen zara, eta konturatzen zara ez dela horrenbesterainokoa. Azken finean, arreta jarri dute, eta diskoak harrera beroa izan du, besterik gabe.
Une egokian proposamen egokia aurkeztu duzuela uste al duzu?
Euskaraz gure estiloko proposamenak ez dira oso ohikoak. Perspektibatik begiratu dut, eta Lorelei taldearen garaitik ez da halako talde askorik izan. Egun parranda giroko edo erritmo gehiagoko musika egiten da, baita rocka ere. Aitzitik, gure musika oso lasaia da. Bide Ertzean eta besteren bat kenduta, ez dut ikusten askorik gaudenik. Agian, hori deigarria egin zaio jendeari.
Zuena lasaia da, baina AEBetako folk eta blues akustikotik gertu zabiltzate. Nazioartean puri-purian dagoen joeratik gertu, ezta?
Musika joera horrek altxaldia izan du, eta folkak nahiz kantautore berrien bolada indartsu dabil mundu osoan. Bilbon ikasle nenbilela hasi nintzen nire kabuz gitarrarekin abestiak ateratzen, eta tankera horretako bakarlarien abestiak jotzen nituen, letrak irakurri eta ulertzea gustuko dudalako. Haien bertsioak eginez sortu zen proiektua, nolabait ere.
Esnatu dira izenez aurkeztuko duzue diskoa. Taldea bera esnatu al da?
Irauli II abestiko estrofa erabili dugu diskoari izenburua jartzeko. Badirudi taldea bera esnatu dela; hau da, gure burua aurkeztera datorrela. Zerikusirik ez du horrekin, ordea. Diskoan bi abesti zahar daude, eta hau horietako bat da. Esaldi indartsua iruditu zitzaigulako jarri diogu
Esnatu dira.
Diskoetxerik ez duzue, baina Garoa liburu-dendaren babesean argitaratzea erabaki duzue.
Berez, ez geneukan zigilu batekin kaleratzeko asmorik. Garoa liburu-dendako kideekin harremana dut, eta haiek biniloan argitaratzeko prest agertu zitzaizkidan. Biniloa aterako zutela esan, eta, azkenean, ekoizpenarekin eta banaketarekin ere lagundu digute. Garoakoak era desinteresatu batean murgildu dira proiektuan, egiten dugun honetan sinesten dutelako. Printzipioz, diskoa aurrera atera nahi dugu, eta gutxienez inbertitutakoa berreskuratu. Irabaziak baleude, bigarren disko bat egitera bideratuko genuke.
CDa eta biniloa. Lanak bi euskarri horiek izango ditu, orduan?
Horiez gain, hirugarren euskarri bat ere izango du lanak:
playbutton-a, alegia. Lou Topet-en pin edo txapa bat izango da, izatez mp3 aparatua dena, eta taldearen sei abestiak izango dituena. Halako 150 ale kaleratuko ditugu. CDa dendetan salduko da, baina biniloa eta txapa kontzertutan eta Durangoko Azokan bakarrik salduko ditugu. Era berean, sakeleko telefonoetarako Lou Topet-en aplikazio bat lantzen ari gara Garoako kideekin, eta Durangon bertan aurkeztuko dugu.
Jon Benito idazlea izan duzue kolaboratzaile hasieratik. Bulkada liburuko Ama poema musikatu zenuenean hasi zen guztia, baina abesti hori ez duzue diskoan sartu.
Euskaduna tabernan jo genuen, eta harrezkero ez dugu berriro jo.
Bulkada liburua asko gustatu zitzaidan, eta
Ama poema musikatu ondoren, Benitori bidali nion posta elektronikoz. Orduan bistaz baino ez nuen ezagutzen, eta polita iruditu zitzaiola esan zidan. Ondoren elkarrekin lan egiteko aukera sortu zitzaigun, eta hark interesa erakutsi zuen taldearekiko, aholkuak emanez. Letrak egiteko prest agertu zen, baina ez zuela horretara mugatu nahi esan zidan, baizik eta proiektuan barneratu nahi zuela. Argitaratu gabeko poemak eta zirriborro batzuk ikusten hasi ginen, eta koaderno moduko bat osatu genuen. Eta hortik abestiak ateratzea izan da zailena.
Azkenean, sei abestitara mugatu duzue lana.
Bai, baina sei abestitatik hiruk daramatzate Benitoren hitzak; Amaia Iturriotz bertsolari urretxuarrarena da bat, eta beste bat nirea. Falta den abestiak ez du letrarik, instrumentala delako. Benitok poema eder asko pasa dizkigu, baina ez dugu behartu nahi izan, eta musikatu ahal izan ditugunak sartu ditugu. Gainerakoak diskoaren liburuskan barneratu ditugu; abestiekin zerikusirik ez duten lau poema dira. Elkarlana islatu nahi dugu diskoan, baita Benitok izan duen lekua ere.
Larunbatean kaleratuko duzue diskoa, baina duela hilabete tirada labur bat atera zenuten lagunentzako eta gertuko jendearentzako. Opari moduko zerbait izan al zen?
Taldeari arreta jarri dion jendeari omenaldi txiki bat egin nahi genion. Orain arte lortu duguna haiei esker izan delako. Horrez gain, diskoa uztailean grabatu genuen, eta aurkeztu bitartean, isilik egon beharrean, diskoa entzuteko eta diskoaz hitz egiteko aukera eman nahi genuen.
Emanaldi berezia izango al da aurkezpenekoa?
Buru-belarri aritu gara prestatzen azken hilabetean, eta mimoz beteriko saioa izango da. Leku berezi batean, eta
atrezzo bereziarekin. Saiatuko gara gu ikustera gerturatzen direnak ez damutzen. Gainera, luxuzko gonbidatu bat izango dugu kontzertua irekitzen: Mobydick, alegia.
Orain arte denen ahotan izan zarete. Irakinaldia bukatuko den beldur al zarete, ala disko berriak areagotu egingo duela uste al duzue?
Irakinaldi hori bukatzeko gogoz gaude. Orain arte, diskoa guk eta gure ingurukoek kontsumitu dute, eta jende gehiagorengana iristea nahi dugu, baita denetariko iritziak jaso ere. Orain plazara atera nahi dugu, eta zuzenekoak eskaini. Baina ez gara horretara mugatuko, baizik eta jotzen ari garen bitartean abesti berriak sortu nahi ditugu, datorren udan berriz ere grabazio-estudiora sartzeko. Martxel Arkarazorekin grabatu dugu, eta bera prest agertu zaigu hurrengo lana aurretik prestatzen eta ekoizten joateko. Segur aski, disko luzea izango da.