Eskola Kirola: kiroletik hasita, bizitzara

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 10a

Ezkerrean Jokin Gijarro eta eskuinean Joseba Sesma, Jolasten Ikasiren sortzaileak. (Argazkia: Aitor Manterola) Kirola. Sentimendu erabat muturrekoak eragiten ditu. Edo oso aldekoak dauzka, edo oso kontrakoak. Ez dago erdibiderik. Ikuspuntu horietan, bi begirada horietan, ia beti eliteko kirola egon ohi da. Eta ez da kirolaren alor bakarra profesionalak biltzen dituen hori. Kirola askoz gehiago dela sinetsita daude, esaterako, Joseba Sesma eta Jokin Gijarro zumaiarrak. Horregatik jarri dute abian Jolasten Ikasi ekimena. Jolasa eta ikasketa. Jolasaren bidez ikasi. Jolasten ikasi. «Lehen Hezkuntzako haurrentzat antolatu dugu, sei eta hamar urte bitarte dituztenetzat», azaldu dute biek. Kirola bere osotasunean, edota bere-berean barneratzen dute, eta honelako hainbat hitz darabilte hitzetik hortzera: balioak, hezkuntza, oreka, koordinazioa, psikomotrizitatea... Horrela ere ulertzen dute kirola, eta hori helarazi nahi diete haurrei. Udaberrian sortu zitzaien hau antolatzeko asmoa. «Udalak antolatu zuen Kirol Mahaia delakoa, herrian kirolaren egoera aztertzeko, hiru arlo landuz. Eskola kirola zen bat; errendimenduko kirola zen bestea; eta aisialdikoa hirugarrena». Bilera horietan izan ziren biak, eta honetaz jabetu ziren: «Herriko kirol jardueren baitan, gabeziak zeudela ondorioztatu zen bilera horietan, eta zerbait egin behar zela pentsatu genuen», kontatu du Sesmak. Eskola kirolean jarri zuten arreta. «Iruditzen zaigu eskola kirolak ez duela hainbat kontu behar bezala lantzen; esaterako, balioen transmisioa edo balio egokietan haurra heztea ez da asko ematen, eta arlo fisikoan, psikomotrizitatea ere landu beharrekoa dela iruditzen zaigu». Buruari bueltak ematen hasi, eta Jolasten Ikasi sortu zuten. Beste helburu hau ere jarri diote ekimenari: «Landu nahi duguna askotariko kirolak landuz egitea da asmoa». Egun, Zumaian, eskola kirolean, hiru kirolen baitan antolatzen dira lehiaketak ikasturtean: saskibaloia, eskubaloia eta futbola. «Gipuzkoako Foru Aldundiak zehazten du hori», esan dute. Eta oso garbi dute hau: «Kirola ez da mugatzen hiru kirol horietara, eta aukera asko daude. Herrian bertan kirol aukera handiagoa dago, eta klubak eta elkarteak daude beste kirol horiek lantzen. Kirol asko probatuko dituzte gurean». Gogoeta honekin lotuta, oso garbi utzi dute ondorengoa: «Guk ez diegu kirol jakin batzuei haurrak kenduko. Gu ez goaz hortik». Jolasen bidez kirolaren funtsa erakustea dute asmo, kirola bere horretan: balioak, lankidetza, laguntasuna, arazoei aurre egiten ikastea... Eta hori dena kirola eginez landuko dute. Eskola kirolaren gaia Zumaiako Udalak antolatutako bileretan landu zenean, Sesma eta Gijarro ohartu ziren nola dagoen jendea. «Neurri batean nazkatuta daude hor dabiltzanak, oso lehiakorra bihurtu delako. Arazo asko ikuspuntu okerretik lantzen direlako gauzak sortzen dira». Gijarrok gaineratu du ez duela gaizki ikusten lehiakortasuna. «Izan daiteke erabat lehiakorra kiroltasun osoz jardunda». Kiroltasuna. Horra beste hitz bat gehitzeko balioei, lankidetzari eta gainerako guztiei. Gurasoak ere hezi Eragileei egitasmoaren berri eman diete. «Udalarekin harremanetan egon gara, ikastetxeekin ere bai, eta guraso elkarteekin berdin, eta oso harrera ona egin digute. Beti nahi izaten da babes eta laguntza gehiago guztien partetik, baina asko lagundu digute». Esate baterako, lekuak-eta finkatzen. Orain, ate irekiak ari dira egiten (herenegun hasi ziren), eta herriko bi eskoletan egingo dituzte. «Aukera guztiak eman dizkigute baliabideak erabiltzeko». Ikasturtean zehar luzatuko da Jolasten Ikasi, eta hiru hileko txandak osatuko dituzte, ikasturteko egutegian oinarrituz. Lehen txanda Gabonak bitartekoa izango da; bigarrena Aste Santura artekoa; eta hirugarrena udako oporrak bitartekoa. Haurrei zuzendu arren, egun hauetan gurasoekin bilerak ere egiten ari dira, ekimenaren berri zabaltzeko asmoz. Guraso batzuk bilera horietara bere semea edo alaba tartean delako joango dira, konturatu gabe, akaso, gurasoa bere ere eragile funtsezkoa dela gai honetan. «Pil-pilean dago gaia, gurasoena. Oso jarrera lehiakorra dutela atera zen udalak antolatu zituen bileran, eta garbi daukagu, gurasoak ere hezi egin behar direla kirolaren balioen gaian. Eskola kirola zer den, kasu, gurasoei helarazi egin behar zaie, erakutsi». Orain Jolasten Ikasi ekimenean ariko direnak guraso ere izango dira noizbait, eta Sesmak eta Gijarrok nahi dute umetatik barneratzea oinarrizko ikasgai batzuk. «Umeari balio batzuk ematen bazaizkio kirolaren bidez bere bizitza osorako, kirola beste era batera hartuko luke gerora ere». Jakitun direla ekimen berritzailea dela, eta denbora behar dela gauzak aldatzeko. «Aldaketak pixkana egin behar dira, eta gauzak ondo egiten baditugu, jasoko dugu babesa eta laguntza».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide