Amorrua

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 10a

Jesus Mari Olaizola, Txiliku IRITZIA. Abuztuaren 20a, arratsaldea, baso-erdi batzuk hartzeko ordua. Ez dakit konturatu zareten, baina ordu bertsuan irteten dira kaleetara gau-ibiltariak: txikiteroak eta saguzarrak. Txikiteroak baso-erdiak edan eta eguneroko sozio-terapia egitera (merkeagoa da psikologoa baino) eta saguzarrak farola-argien azpian dabiltza sits, tximeleta eta gainerako xomorroez bazkatzera. Saguzarrak animalia miresgarriak dira. Ia ikusmenik gabe, inularreko argi apurtxoarekin, ehizan jarduten dute; hegan egiteko makina ia perfektuak dira. Zenbaitetan izaten dituzte akatsak, ordea. Egun horretan, Zarauzko Patxiku kalean saguzar horietako bat lurreratu egin zen, eta saguzarren hegoak luzeegiak dira lurreratu ondoren berriro hegaz abiatzeko. Iruditu zitzaidan lurretik altxa eta gorantz aireratuko banu, gai zatekeela hegan egiteko. Eskua luzatu nion. Badakit hori egin aurretik Arkamurka natura-zaleen bazkide-txartela erakutsi behar niola, eta nire asmoa ez zela inolako kalterik egitea esan, baina ez nuen horretarako denborarik izan. Mila aldiz esan didate saguzarrekin arreta behar dela, eta larruzko esku-larruak erabili, baina ahaztu egin zitzaidan une hartan. Piztia koittaduak erruki eman zidan, eta eskua luzatu nion. Bi gauza ikasi nituen urrutira joan gabe: bat, saguzarrak ultrasoinu eta ehizako soinuez gain badutela beste era bateko txilioa, arratoi batenaren antzekoa eta hura bezain desatsegina; eta bi, saguzarren letaginak zorrotzak, sarkorrak eta mingarriak direla. Esan nahi dut abuztuaren 20ko ilunabarrean hozka egin zidala saguzar batek. Etxera joan, zauria ondo garbitu, kura egin eta itzuli lehengo lanera (ez saguzarra salbatzera, jakina!). Hurrengo egunean, sendagilearengana. Sendagileak dio amorruaren 0 eremuan gaudela, hemen ez dela amorrurik izan azkeneko ez dakit zenbat urtetan, eta seguru asko ez dudala ez txerto ez bestelakorik beharko, baina badaezpada ere… Hobe dela epidemiologiakoei galdetzea, haiek direla dakitenak; beti ere, arruntetik hain bestelako diren gauzak (baina nola egin zizun hozka saguzar batek? Hori filmetan bakarrik gertatzen da!) hobe izaten dela kontsultatzea; joateko etxera, eta deirik ez bazen, horretan uzteko kontua; bestela… Handik bi ordu baino lehen, deia epidemikologikotik: amorruaren 0 eremuan bizirik, txakurren edo katuen hozkadak ez direla kontuan hartzen, baina saguzar batena (baina nola egin zizun hozka saguzar batek?), hori beste kontu bat dela. Europa osoan (mundu guztian ere aipatu zidan halako batean) protokolo zorrotz bati jarraitu behar zaiola saguzarrak heldutakoan: zauria garbitu, kura egin, ikusi nola sendatzen den… eta txertoa hartu, amorruaren (arrabia deitzen zion berak) aurkako txertoa hartu. Zarautzen ez zegoela horrelako txertorik, baina epidemiologian bazutela Frantziatik ekarria, eta presa handiz bidaliko zutela, urgentziaz. 0, 3, 7, 14 eta 30 egunetan hartzeko txintxo-txintxo bost dosiak eta ahal izanez gero harrapatzeko saguzarra autopsia egin eta errabiarik zuen ikusteko. Eta halaxe egin dut. Esan nahi dut txertoaren bost dosiak hartu ditudala agindutako egun horietan. Saguzarraren berririk ez dut izan… Oraindik ez diot urari amorrurik hartu (ez behintzat lehen baino gehiago) eta ez dirudi jendeari oldartzen hasiko natzaionik: oraindik ez diot inori lepora salto egin hozka egiteko. Tira, badakizue, saguzarrak airean, eta zuek eskuak patriketan; eta norbaitek saguzar bati eskua luzatu aurretik, begiratu ondo, izan dezala esku errukitsu horrek larruzko babesa, badaezpada ere!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide