Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak bost urte bete ditu aurtengo otsailean. Sortu zenetik urtero, udazkenean, Zezen Beltz asteburua antolatu du. Aurten bosgarrena izango da, eta bi asteburutan egingo dituzte saioak, datorrenean eta hurrengoan.
Zezen Beltz taldeko kideak, herenegun arratsaldean, Zezen Beltz asteburuko ekitaldiak aurkezten, Artzubian. (Nerea Uranga/Hitza)
Zezen Beltz elkartearen helburua, «zezenketak ez diren bestelako zezen jarduerak sustatzea» da; besteak beste, sokamuturra, entzierroak eta zezen txikiak. «Tradizioa berreskuratuz, gaur egungo ekimenak sendotuz, eta ekintza berriak antolatuz. Eta guztia ez bilduz San Sebastian edo inauteri garaian, baizik eta urtean zehar sakabanatuz». Horregatik hasi ziren udazkenetan Zezen Beltzen asteburua antolatzen.
Aurten berrikuntzak ere gehitu dituzte elkartearen asteburuko egitarauan. Esaterako, aurreneko aldiz entzierro txikia egingo dute, eta helduen sokamuturra ere antolatu dute. Horrez gain, larunbaterako zezen-plazan antolatu duten herriarteko zezen jolasetako sarreretatik ateratako dirua Azpeitiko gaixoen eta elbarrituen aisialdi taldeari eta DYAri
emango diote Zezen Beltz elkartekoek.
Urriaren 12an Arno ganadutegiko zezenak ekarriko dituzte, 13an Zelai Luzekoak, eta hilaren 20ko sokamuturrean Zestoako Lopene ganadutegikoak ariko dira. Lopeneko zezenak aurreneko aldiz ariko dira Azpeitian sokamuturrean.
Zezen Beltz taldeak antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera animatu dute jendea.
Asteburuko gastu guztiak elkarteak berak bere gain hartuko ditu. Besteren artean, ganadua, asegurua, Eusko Jaurlaritzaren tasak, DYA eta txaranga. Dena den, babesleei eta antolatzen lagundu dutenei eskerrak eman dizkie.