Urriak 12, larunbata
- 12:00. Entzierro txikia, Erdikaletik plazara. Gero, zezen txikiak eta pottokak herriko plazan. Arno ganadutegiko zezenak.
- 17:00. Zezen-jolasak, zezen-plazan. Herriarteko txapelketa Azpeitia, Azkoitia eta Hernaniren artean. Bukaeran, zezen bolaztatuak. Sarrera 2 euro. Arno ganadutegiko zezenekin.
- 19:00. Jainekin txaranga, herriko kaleetan zehar.
Urriak 13, igandea
- 12:00. Entzierro Txikia, Erdikaletik plazara. Gero, zezen txikiak eta poniak herriko plazan. Zelai Luze ganadutegikoak.
- 12:30. Txahal saiheski eta oilasko erretzea eta dastatzea, herriko plazan. Pintxoa eta edaria bi euro kostatuko dira.
- 17:00. Zezen bolaztatuak, Artzubia kalean. Zelai Luze ganadutegiko zezenak.
Urriak 20, igandea
- 12:00. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara, ondoren zezen txikiak eta poniak herriko plazan. Lopene ganadutegiko zezenak.
- 16:30. Sokamuturra. Erdikalean hasita Alde Zaharreko kaleetan (Done Jakue kalean ez da ibiliko, obretan ari direlako) eta Artzubian. Lopene ganadutegiko zezenak aterako dituzte.
Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak bost urte bete ditu aurtengo otsailean. Sortu zenetik urtero, udazkenean, Zezen Beltz asteburua antolatu du. Aurten bosgarrena izango da, eta bi asteburutan egingo dituzte saioak, datorrenean eta hurrengoan.
Zezen Beltz elkartearen helburua, «zezenketak ez diren bestelako zezen jarduerak sustatzea» da; besteak beste, sokamuturra, entzierroak eta zezen txikiak. «Tradizioa berreskuratuz, gaur egungo ekimenak sendotuz, eta ekintza berriak antolatuz. Eta guztia ez bilduz San Sebastian edo inauteri garaian, baizik eta urtean zehar sakabanatuz». Horregatik hasi ziren udazkenetan Zezen Beltzen asteburua antolatzen.
Aurten berrikuntzak ere gehitu dituzte elkartearen asteburuko egitarauan. Esaterako, aurreneko aldiz entzierro txikia egingo dute, eta helduen sokamuturra ere antolatu dute. Horrez gain, larunbaterako zezen-plazan antolatu duten herriarteko zezen jolasetako sarreretatik ateratako dirua Azpeitiko gaixoen eta elbarrituen aisialdi taldeari eta DYAri
emango diote Zezen Beltz elkartekoek.
Urriaren 12an Arno ganadutegiko zezenak ekarriko dituzte, 13an Zelai Luzekoak, eta hilaren 20ko sokamuturrean Zestoako Lopene ganadutegikoak ariko dira. Lopeneko zezenak aurreneko aldiz ariko dira Azpeitian sokamuturrean.
Zezen Beltz taldeak antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera animatu dute jendea.
Asteburuko gastu guztiak elkarteak berak bere gain hartuko ditu. Besteren artean, ganadua, asegurua, Eusko Jaurlaritzaren tasak, DYA eta txaranga. Dena den, babesleei eta antolatzen lagundu dutenei eskerrak eman dizkie.