Peio Gascon: "Herri txikiei laguntza juridikoa emango diegu"

Ane Olaizola 2013ko urriaren 10a

(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) Etorlur sozietate publikoak izen eta norabide berria izango du aurrerantzean. Itten izena izango du, eta bere eginkizun nagusia bi mila biztanletik beherako herriei aholkularitza eta laguntza eskaintzea izango da. HITZA-rekin hitz egin du Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariak. Zein izan da sozietate berria eratzeko arrazoia? Aldundia kudeatzen hasi ginenean Etorlurrek izugarrizko zuloa zuela ohartu ginen. Honen helburu nagusia etxebizitzak eta lur sailak kudeatzea zen. Duela hilabete batzuk kontuak birformulatu behar izan genituen, eta ondareari zegokion 20 milioi euroko galera azalerazi zen. Hau da, Hernanin tasaziorik egin gabe lur batzuk erosi zituzten; 28 milioi eurotan erosi zituzten, eta egun 12 milioi balio dute. Bestetik, Beizaman eta Azpeitiko Nuarbe auzoan etxebizitzak egin zituzten; Nuarbe auzoan hiru etxebizitza soilik saldu ziren, eta Beizaman bat falta zen. Ez zegoen inongo eskaerarik horiek erosteko, eta azken urteetan prezioa beheraka zihoan. Ondorioz, erabaki genuen horiek guztiak alokairura pasatzea, zorrak handitu beharrean gutxieneko sarrerak bermatutan izan genitzan. Izan ere, gure politika ez da etxebizitzak egitea, alokairua sustatzea baizik. Bigarren erabakia izan da halako kudeaketekin ez jarraitzea, hori ez delako aldundiaren eskumena. Zer eginkizun izango du Ittenek? Azken lau urteetan Landa Gipuzkoa 32 proiektuaren bidez 1.000 biztanletik beherako herrietara diru laguntzak bideratu dira, eta horiek Etorlurrek kudeatu izan ditu. Laguntza horiekin udaletxe berriak, parkeak, biomasarako plantak eta halako proiektuak egin dituzte herri txikietan. Erabaki dugu espekulazioarekin zerikusia duten jardueretatik at egotea, eta horregatik herri txikiei laguntza tekniko eta juridikoa ematea izango da orain gure ardura. Hori izango da Ittenek egingo duena; 2.000 biztanletatik beherako herrietara bideratuko dugu zerbitzua. Gure asmoa da udalek dituzten arazoei eta beharrei laguntzea. Elkarlanean egingo dugu hori; adibidez, proiektuak egiten lagundu, edo prozesu parte-hartzaileak bideratuko dizkiegu. Egun lau proiektu pilotu ari gara jorratzen; Ataunen, Orendainen, Mutiloan eta Gaztelun ari gara lanean. Han egiten diren proiektuak beste herrietara zabaldu nahi ditugu, hala eskatzen badute eta beti ere haien ezaugarrietara moldatuta. Orduan, beste norabide bat hartuko al du sozietateak? Bai. Espekulazioarekin, etxebizitzen munduarekin, jada badauzkagun proiektuekin soilik jarraituko dugu. Hori bigarren mailako jarduera izango da. Eginkizun nagusia herrie txikiei laguntza ematea izango da. Nagusiki, udalei bideratutako tresna izango da Itten. Herri horietan udaletxetako teknikariak ez dira egoten lanaldi osoan, eta askotan idazkariak eta arkitektoak beharren arabera joaten dira hara. Horiei lana arindu eta gastuak murrizteko asmoz sortu dugu erakundea. Beste izen eta norabide bat hartu duzue. Etorlurren zama ekonomikoa bere gain hartuko al du Ittenek? Legeak agintzen du enpresa batek ondarearen erdia galtzen duenean porrot egin duela. Etorlurrek 44 milioiko kapitala zuen, eta 21 galdu genituen; beraz, horretarako zorian zegoen. Egia da gipuzkoarrok 20 milioi galdu genituela; orain elkarteak 20 milioi euro ditu. Hainbat neurri hartu dugu azken urteetan galerei aurre egiteko, eta horietako bat izan da eraikinak alokairuan jartzea. Aurtengo aurreikuspenak galerak ez izatea dira. Enpresa publiko baten helburua ez da etekinak lortzea, baina oreka lortu behar dugu. Egun, enpresa hau ez da zama bat aldundiarentzat. Etekina beste modu batzuetara atera nahi dugu; ez etxebizitzak saltzen, baizik eta udalei laguntza ematen. Aurkezpena egin genuenean 30 udaletako ordezkariak agertu ziren, eta horietatik 21ek lanketa eskatu digute jada. Beharra dagoela ikusi dugu. Eskualdean, Beizama, Aizarnazabal eta Errezil dira bi mila biztanle baino gutxiago dituzten herrian. Aia, berriz, mugan dabil. Horiek dagoeneko jo al dute zuengana? Errezilek arazo handia du, neguan izan zen luiziarengatik. Honen harira laguntza eskatu digu, eta Aizarnazabalek ere jo du gugana. Aiak 2.026 biztanle ditu; horiek ere gonbidatuta daude. Etorlurrek Beizaman, Nuarben eta Azkoitian zituen etxebizitzekin eta lursailekin zer gertatuko da orain? Etorlurrek zituen lurretan espekulaziotik at dauden proiektuak lantzen ari gara; Azkoitian bertan behera geratu da 690 etxebizitza egiteko proiektua, eta dirua itzultzea eskatu diegu hango enpresei. Nuarben, berriz, saldu ez ziren hiru etxebizitzatik bi alokatuta ditugu, baita Beizaman ere. Modu honetara galerak saihestuko ditugu. Alokairuak xumeak dira; Nuarbe eta Beizamako etxebizitzak bi solairu, garajea eta terraza ditu, eta 450 eurotan daude alokatuta. Merkatuko prezioen azpitik daude. Azkoitian auzibidean dago Intsaustin egitekoak ziren etxebizitzen proiektua. Berririk ba al dago? Enpresek ez dute kontratua bete. Ez dira lekuz aldatu, eta lanpostuak, gainera, galdu egin dira, hartzekodunen lehiaketan baitaude enpresak. Bide judizialetan dago auzia, eta epaileari lehengoratzea eskatu diogu. Hau da, Bitesok, lehengo lurren jabeak, guri dirua itzuli eta guk lurrak eurei bueltatzea nahi dugu. Aipatutako proiektuarekin zenbateko galera izan duzue? Guztira 20 milioikoak izan dira. Azkoitian lurrengatik sei milioi euro ordaindu genituen, eta orain lau milioira ez da iristen prezioa. Nola iritsi zen egoera honetara? Aldundiak egin ezin zituen gauzak egiteko erabili zuten elkartea. Adibidez, edozein lur erosteko beharrezkoa da tasazioak egitea, baina elkarte publikoak legez ez du behar halakorik. Hernaniko kasuan, bideragarritasun plana egin zuten, eta ikusi da gezurrezko plana zela. Aurreko agintariak ez ziren gai izan hori kudeatzeko. Etxebizitza kopurua igo zuten, handiagoak egin zituzten, eta babes ofizialekoak murriztu. Baina zenbakiek ez dute eman. Bi mila biztanletik gorako herrien kasutan, hutsunea egongo al da? Elkartea sortu genuenean Gipuzkoako udaletxe guztientzat erreferente bihurtu nahi genuela esan genuen. Jakitun gara, ordea, elkartearen baliabideak mugatuak direna. Behar gehien eta tresna gutxien dutenei bideratuko diegu zerbitzua; horregatik jarri dugu muga. Muga gainditzen duten herriak kasuz kasu aztertuko ditugu. Etorkizunean, dinamika txukuna hartzen dugunean, aukerak egongo dira jarduera hedatzeko. Dena den, udalerri eta hiri handiek ez dute horretarako beharrik, baliabideak badituztelako. Egia da herri asko daudela 2.000 eta 15.000 arteko biztanleak dituztenak, eta horiek beharrik badute aztertu eta lagunduko diegu, ditugun baliabideen arabera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide