Bainuetxeko langileek asteazken honetan giza katea egitera deitu dituzte herritarrak

Nerea Uranga 2013ko urriaren 9a

Atzoko protestako une bat (Nerea Uranga/Hitza) Zestoako Bainuetxeko langileak greban daude. Joan den astetik laugarren greba eguna dute gaur. Bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares enpresak ezarri dizkien lan baldintzen murrizketen kontra eta euren eskubideen alde mobizilizatzen ari dira abuztu bukaeratik. Gaur arratsaldean giza-katean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 19:00etan hasiko dute giza-katea, eta herriraino egiteko asmoa dute, Gure eskubideak defenda ditzagun lelo hartuta. Egun hauetan langileak greban daude, eta bainuetxea hutsik dago. Abuztutik, besteak beste, egunero elkarretaratu dira langileak bainuetxearen atarian. Joan den astean ere bi greba egun egin zituzten, eta horietako batean Santanderrera (Kantabria, Espainia) joan ziren, eta han Tres Mares enpresaren egoitzaren aurrean protesta egin zuten, baita hango udaletxearen aurrean ere. Orduz geroztik, enpresaren beste proposamen bat jaso dute langileek. Baina oraingoan ere «antzeko lan murrizketak» proposatzen dizkietela salatu du langileen batzarrak. «Aldaketa handirik ez dugu jaso, lotsagarria da». Orain enpresak proposatutakoari idatziz erantzungo diote langileek, eta testuan negoziatzeko duten borondatea berretsiko diote zuzendaritzari. «Enpresak dio langileen kostua %25 jaitsi beharra daukala, baina horren aitzakian %45eko murrizketa ezarri nahi digu langileoi, Espainiako lan erreformaz baliatuta. Zestoako Bainuetxeak orain karte irabaziak izan ditu, eta langileoi murrizketak ezarrita irabaziak gehitu besterik ez du nahi enpresak». Borrokan segitzeko asmoa Gaur bezalaxe atzo ere greba egin zuten Zestoako Bainuetxeko langileek. Goizean langileek batzarra egin zuten, eta ondoren bainuetxearen atarian muntatutako karpan bilduta egon ziren, pankartak egin eta bainuetxearen inguruan jarriz. Eguerdi aldera ertzainak joan zitzaizkien langileei, eta karpa bainuetxearen ataritik kanpora atera behar zutela agindu zien. «Bainuetxearen buelta guztiko ataria pribatua dela eta karpa itxituratik kanpo atera behar dugula esan digute», azaldu zuten bainuetxeko langileek. Hala ere, ez zieten bainuetxearen atarian autotik autora jarrita zituzten pankartak kentzea agindu. «Eskubideen alde» mobilizatzen eta borrokan segitzeko asmoa dutela azaldu dute Zestoako Bainuetxeko langileek. «Negoziatzeko prest gaude, eta gure eskubideak defendatzen segituko dugu. Giza-katea egingo dugu, baina aurrera begira ere mobilizatzen segitzeko asmoa dugu eta beste greba egun batzuk egitea ere ez aurreikusita dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide