(Irene Elorza/Hitza)
Kataluniako Calella herrian Iroman Espainiako distantzia luzeko txapelketa egin dute asteburuan, eta Ruben Almendro azkoitiarra 30 eta 34 urte bitarteko Espainiako Txapeldun izan da. Mila lagun baino gehiagok amaitu zuten proba, eta azkoitiarrak 50. postua lortu zuen; bederatzi ordu eta 16 minutu behar izan zituen horretarako.
Espero al zenuen Espainiako txapelduna izatea Iromanean?
Aurtengo helburua zen Kataluniako Iromana denbora onarekin egitea. Gasteizkoa pasa zen uztailean egin nuen, eta oso ondo irten zitzaidan; 13. postuan geratu nintzen. 9 ordu eta 28 minututan amaitu nuen lasterketa, eta nire adin tartean garaile izan nintzen. Hori egindakoan hasi nintzen Calellako probarako prestatzen. Banekien egoera onean nengoela, baina ez nekien ondo erantzungo al nuen edo ez. Calellako Iromana zirkuiturik azkarranetarikoa da, baina oso eguraldi txarra izan genuen, eta horrek asko makaldu zuen proba. Hala ere, oso ondo irten zitzaidan. Gustura nago.
Oro har, nolako lasterketa egin zenuen?
Zaparrada eta haize gogorrak izan genituen. Igerian hiru kilometro eta 800 metro egin behar genituen, baina itsaso txarra zegoelako edo metro batzuk gehiago egin nituela uste dut. Zoritxarrez, gainera, galdu egin nintzen, eta ohi baino denbora gehiago aritu nintzen igeritan. Denbora ona egin arren pena hori dut; izan ere, hamar minutuko atzerapena izan nuen horregatik. Bizikletan denbora oso ona egin nuen, baina azken 30 kilometrotan izugarrizko zaparrada bota zuen, eta horrek ere makaldu egin zuen 180 kilometrotako lasterketa. 42 kilometrotako maratoia egiteko, berriz, ez nuen sentsazio onik, baina uste baino denbora hobea egin nuen. Maratoiarekin lasterketa borobildu egin nuen.
Aurtengo helburuak bete dituzu?
Bai, aurtengoak bai. Denboraldia amaitu dut proba honekin, eta orain atsedena hartuko dut, hurrengo denboraldira arte.