‘Herrira auzia’ salatu dute Azkoitiko eta Orioko udalek

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 8a

Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko mozioak onartu dituzte eskualdeko hainbat udalek. Azkoitiako Udalbatzak, esaterako, premiazko bilkura egin zuen pasa den ostegun iluntzean. Bilduk eta EAJk adostutako mozioa onartu zuen udalak, Bildu, EAJ eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. PSE-EEko bozeramaile Miguel Reimundezek ez zuen bozketan parte hartu, ez zela premiazko gaia iritzita. Adierazpenaren bidez Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren «estrategia politiko-judiziala» salatu zuen Azkoitiako udalak. Bestalde, Herrira-ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari diren atxilotutako pertsona guztien askatasuna eskatu zuen udalak, eta «euskal herritarron eskubide zibil eta politikoekiko errespetua» aldarrikatu zuen. Orion ostiral arratsaldean egin zuten ez ohiko udalbatzarra eta EAJk egunean bertan prentsa bidez jakinarazi zuen ez zuela udalbatzarrean parte hartuko. «Herrira-ren gaia baino garrantzitsuagoak direnak badira oriotarrentzat eta horien gainean ez dakigu ezer» argudiatu zuten. Gainera, EAJk nabarmendu zuen ez duela «ulertzen Juan Priederen hilketaren hamargarren urteurrena gogoratzeko udalbatzarra hilabete eta erdi atzeratu izana Bilduk hala nahi izanda. Eta, orain, Oriotik kanpora gertatu den zerbaiten ondorioz, Herrirako kideen atxiloketa kasu, segituan egitea ez ohiko bilkura baten deialdia». EAJk udalbatzarrean parte hartu ez bazuen ere, Herrira-ren aurkako polizia operazioa salatzeko mozioa aho batez onartu zuten Bilduk eta Orainek. Besteak beste, Orioko Udalak «euskal presoen euskal herriratzea eta bere eskubide guztien aldarrikapena bere egin» zuen; eta «gatazka politiko eta armatuaren parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei prozesuari etengabeko ekarpena egin eta jarrera eraikitzearen bitartez laguntzea» eskatu zien.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide