Adinekoak jarduera fisikoa egitera animatzeko, Tipi Tapa programa jarri dute abian

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 8a

Adineko pertsonen artean ekintza fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoarekin, Tipi Tapa programa antolatu eta martxan jarriko du Azpeitiko Udalak, Osatzen-ekin batera. Asteazkenero bilduko dira goizetan, eta hasiera batean Loiola aldera ibilalditxoak egingo dituzte, ohitura osasuntsuei heltzeko. Ekimenean nahi duten adineko pertsonek eta herriko hainbat eragilek eta boluntariok hartuko dute parte. Asteazkenero egingo dituzte irteerak, 10:30ean herriko plazatik irtenda, edota 10:45ean, igerilekuaren aurretik abiatuta. Hasiera batean, Loiola aldera egingo dituzte ibilaldiak, eta 12:00ak ingururako bukatuko dute paseoa. Izena eman dutenen kopuruaren arabera, ibilbideak gehiagotan edota luzeagoak egiteko aukera izango dela azaldu du udalak. «Ekimenean parte hartzen duten herritarren kopuruaren arabera antolatuko dira gero egunak eta irteerak. Bi talde osatzeko adina jendek ematen badu izena, aurrerago bi taldetan funtzionatzeko aukera aztertuko genuke, eta ibilaldiak Lasao aldera edota Loiola aldera egiteko aukera jarri. Baina aurretik jendearen harrera ikusi nahi dugu», dio Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Leire Etxanizek. Bihar egingo dute Tipi Tapa programako lehen irteera. Izena eman dutenak herriko plazan elkartuko dira 10:30ean, eta handik Sanjuandegira joango dira oinez, igerileku aurrean bilduta daudenekin bat egitera. Handik ibilbidea hasiko dute. Izena emateko aukera Tipi Tapa programan parte hartu nahi dutenek, bai adineko bezala edota baita boluntario bezala ere, izena Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoan eman behar dute, 943-15 71 92 da bertako telefono zenbakia. «Hirugarren adineko pertsonetan arrisku handiagoa izaten da gaixotasun kronikoak izateko; besteak beste, hipertentsioa, bihotzeko arazoak, diabetesa, artrosia...», dio zinegotziak egitasmoa abiatzeko arrazoiak azaltzerakoan. «Hori dela eta, egunero ariketa fisikoa egitea oso onuragarria da, osasuna, autoestimua eta bizitza kalitatea hobetzeko». Tipi Tapa programa Mahai Sozialetik bultzatutako ekimena dela adierazi du Etxanizek. Programaren bidez, adineko jendea etxetik irten eta ibiltzera animatu nahi dute. «Askotan adineko jende bat bakarrik dagoelako ez da paseatzera animatzen, nahiz eta ibiltzea komeni. Modu honetan, taldean eta lagunartean paseatzera animatu nahi ditugu». Ohitura osasuntsua sustatzeaz gainera, etxean bakarrik dauden adinekoen gizarteratzea bultzatu nahi du udalak; «etxetik irtenarazi, sozializatzeko eta inguru bat egiteko». Osatzen eta Osakidetzarekin elkarlanean bideratuko dute Azpeitian Tipi Tapa, eta anbulatorioko medikuek ere ibiltzea komeni zaien adinekoei programaren berri emango diotela adierazi du Etxanizek. Dagoeneko bost emakumek eman dute izena boluntario aritzeko. Tipi Tapa programan izena ematen duten adinekoekin paseatuko dute hauek, asteazken goizetan. Baina beste herritarren batek boluntario programan parte hartu nahiko balu udaletxeko gizarte zerbitzuetako bulegora deitu besterik ez du. Tipi Tapa programa eskualdeko beste herri batzuetan martxan da dagoeneko; esaterako, Zarautzen eta Zumaian. Zumaian ere udaleko gizarte zerbitzuetatik bideratzen dute, eta 64 urtetik gorako pertsonen ongizate fisikoa eta mentala hobetzea du helburu, Beheko Plaza Elkartean eta udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuan eman behar da izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide