Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxabek (Orio, 1975) jaso zuen atzo Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa. Erronka garrantzitsua dute oriotarrek aurretik, eta 2014ko Kilometroak primeran atera dadin, dagoeneko «ilusioz beteta, gogotsu» lanean ari dira.
Orioko herri Ikastolarentzat erronka al da 2014ko Kilometroak antolatzea?
Kilometroak jaia antolatzea ardura handia da. Etekin ekonomikoa ateratzeko festa da, baina beste balio batzuk sustatzeko aprobetxatu nahi dugu. Kalitatezko festa egitea da gure helburua. Errespetu handia ematen badu ere, indarra eta lanerako gogoa ditugu.
Dagoeneko lanean hasiak zarete, ezta?
Sei hilabete inguru darama Hastapen Taldeak atzeko lana egiten, isilekoa, eta pasa den hilabetean osatu ziren hainbat arlo jorratuko dituzten lan taldeak. Hainbat bilera egin dituzte, eta martxan dira dagoeneko. Azaro amaieran egingo dugu Kilometroak 2014 jaiaren aurkezpen ekitaldia, eta denda ere orduan irekiko dugu. Hemendik aurrerakoa lasterketa baten modukoa izango da.
Oriotarren parte hartzea garrantzitsua al da?
Ikastola bezala, Kilometroak 2014 herritik herriarentzat sortutako festa izatea nahi dugu. Egunean bertan dena primeran atera dadin aurretik lan asko egin beharra dago, eta horretarako ezibestekoa da oriotarren parte hartzea. Bestalde, urtean zehar Kilometroak 2014 ekimenaren baitan ekitaldi ugari antolatuko ditugu, eta horiekin denekin Orio Gipuzkoan zehar ezagutarazi nahi dugu. Kilometroak festa komunitatean elkarlanean egindako jaia izan dadin nahi dugu, eta uste dugu horrek balio erantsia emango diola festari berari, baita Oriori ere. Bizitzako beste arloetan bezala, lan asko egin beharko dugu, baina ziur nago emaitza eta ondorio positiboak izango dituela.