Aurten ere "harrera bikaina" izan du Zarauzko bizilagun berriei eskainitako AISA euskara ikastaroak. Rosa Quispek "argi" esan zuen aurkezpenean: “Euskaraz hitz egiten ikastea herrian integratzeko beharrezkoa dela uste dut”. Ideia hau orokorra da, hain zuzen, 50 lagunek baino gehiagok eman baitute horietan izena. Hori dela eta, Zarauzko Udalak ikasle berriak zoriondu ditu "gure hizkuntza ikasten hasteko ahalegina" egingo dutelako.
Aurten ikastaroan parte hartuko duten pertsona guztien ordutegi eta beharretara moldatzeko, 34 lagun inguruz osatutako bi talde egin dira. Izena eman dutenetatik gehienak (11) nikaraguarrak dira, eta gero txiletarrak (3) eta espainiarrak (3). Horiez gain, munduko beste hainbat txokotatik etorritako jendeak eman du izena; hala nola, Argentina, Pakistan, Brasil, Venezuela, Tunez, Senegal, Maroko, Paraguay, Bolivia, Kolonbia, Errumania, Mauritania eta Hondurastik etorritako bizilagun berriek.
Honek etorri berriek euskara ikasteko "borondatea" dutela adierazten duela dio Zarauzko Udalak eta euskara "Zarauzko komunikazio hizkuntza nagusiena ez ezik, integrazio tresna ere badela".