PSE-EE: "Ausarta izan dadin eskatzen diogu Bilduri"

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 7a

"Ausartak" izateko eskatu dio Zarauzko PSE-EEk Udal Gobernuari: "Atez ateko sistema jarri nahi duten ala ez argi eta garbi esateko eskatzen diogu". Gai berarekin urte eta erdi daramatela "bueltaka" esan du Patxi Elolak, eta "zalaparta" horrekin amaitu beharra dagoela: "Bilduren kudeaketa zabarra da, batez ere, hondakinei dagokionez. Gainontzeko alderdiak, ordea, batera gabiltza arraunean". Bilduren kudeaketa "txarra" salatzeaz gain, "bere burua definitzeko" eskatu dio Gloria Vazquezek:"Kudeaketa txar horren lehenbiziko ondorioa da Urteta zabortegiaren itxiera kolokan utzi duela", nabarmendu du: "Urtebete baino gutxiago gelditzen da,  alderdi guztiok 2014an itxi egin behar genuela erabaki genuelako. Epea bukatzen ari da, beraz". Hala ere, Bilduk ez duela bere politika "definitu" ohartarazi du: "Ez Zarautzen eta ezta Aldundian ere. Ez dute errauste plantarik egingo, hori dagoeneko erabaki dute. Baina ez dute alternatibarik. Ez dira  hondakinak tratatzeko behar diren azpiegiturak eraikitzen ari, ezta hasi ere. Zer egingo dugu hondakinekin?". Elolak jakinarazi du herritarren %92,57k erabiltzen duela egun bosgarren edukiontzia. "Datu ofizialen arabera, Zarautzen 7.610 familik eman dute izena bosgarren edukiontziko giltza eskuratzeko. Herritarrek interesa azaldu dute, beraz". Hori dela eta, sistema hori hobetu eta areagotzea da Zarauzko PSE-EErentzat "egokiena". Hain zuzen, hori proposatuko dute ZHM Zarauzko Hondakinen Mahaiean, gaur. Bosgarren edukiontziaren bidezko bilketa areagotzeko, berriz, jendea hezten jarraitu behar dela gaineratu du. Horrez gain, beste edukiontzi bat gehiago jartzeko eskatuko dute, "garbigunea auzoetara hurbitzeko". Bestalde, Bildu EHUrekin hitzarmena sinatzeko "gai ez" dela izan nabarmendu du Elolak: "ZHM kudeatzeko kontratatu du EHU, baina sei hilabete igaro dira eta oraindik ez du akordiorik sinatu harekin. Oraingoz zirriborro bat soilik dauka". Bilduren "jokoa" ez dela "argia" dio: "Ez du argi adierazi atez atekoa ezarri nahi duen ala ez, ez da gai izan bozeramaileen batzordea deitzeko gai hori eztabaidatzeko, mankomunitatean edota aldundian ere ez du hasi Urteta ixteko prozesua". Ausartak izateko PSE-EEk ekainean zabortegia ixteko prozesua abian jar zezaten eskatzeko mozio bat aurkeztu zuela gogoratu du Vazquezek. Era berean, Aldundiari horri buruzko informazio galdegin zion mozio horren bitartez. Udalbatzak onartu egin zuela dio, baina "oraindik" ez duela "ezer erantzun": "Behin baino gehiagotan Bilduk ez du bete Udalbatzak onartutakoa. Gai honen inguruan ere eskatu genuen Merkatu Plazako hondakin organikoa jasotzea. Udalbatzak onartu zuen eta ez dute bete. Beharbada ez dute nahi hondakin organikoen tasa igotzea. Argi dago edukiontzien sistemarekin tasa hori handitzen bada, ez zutela aitzakiarik izango euren atez atekoa ezartzeko. Beharbada beldur hori dute. Baina ausartak izateko eskatzen diogu". "Denbora aurrera" doala dio, eta Urtetan "zaborra pilatzen" ari dela: "Zarauztarrak, eta bereziki Urtetako bizilaguna, oso solidarioak izan gara gainontzeko gipuzkoarrekin; alternatiba bilatu bitartean probintzia guztiko hondakinak jaso ditugu Zarautzen. Egoera honekin amaitzeko garaia da; Urteta ixteko garaia da". Ildo horretatik, PSE-EE elkarlanerako prest agertu da: "Uste dugu garrantzitsua dela bozeramaile batzordea egitea estrategia hori diseinatzeko herritarren alde".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide