Elkar-ekin: "Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan"

Nerea Uranga 2013ko urriaren 4a

Manifestua eta azaroaren 9ko manifestazioa aurkezteko agerraldia egin zuten joan den ostiralean (Hitza) «Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan». Horrela dio Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat manifestuaren lehen paragrafoaren azken esaldiak. Herriaren egoeraz «kezkatuta», Elkar-ekin taldeak gonbidatuta, eremu askotako talde eta norbanakoek bat egin dute adierazpenarekin. Manifestuaren leloarekin berarekin manifestaziora deitu dituzte herritarrak azaroaren 9an, eta ordurako atxikimenduak gehitzeko lanean ari dira. Azaroaren 9ko mobilizazioa 18:30ean izango da, plazatik abiatuta. Ondoren, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean kontzertua emango dute Lin Ton Taun eta Malder taldeek. Sarrerak salgai daude dagoeneko kulturgunean bertan. Aurrez erosten dutenek bost euro ordaindu beharko dute, eta egunean bertan erosten dutenek, berriz, zazpi euro. «Ez gaude geldirik egoteko» «Egoera zaila izanagatik, ez gaude geldirik egoteko. Azoka Herritik izan da esaten ari garenaren adibiderik argiena. Ekimen horrek gauzak beste modu batera antola daitezkeela erakutsi digu, eta herritarren arteko elkarlanetik bide berriak jorratu ditzakegula ikusi dugu», azaldu dute ekimeneko partaideek manifestua aurkeztu eta azaroaren 9rako deia egiteko agerraldian. Elkarlanaren balioa aldarrikatzen dute; «oinarrizkoa» dela uste dute, «bizi dugun egoera iraultzeko. Batetik, herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzen joatea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da une hauetan». Horregatik ekin diote mobilizazioa prestatzeari. Herriko hainbat taldetako kideek eta norbanakoek osatu duten manifestuan diotenez, gizartearen gero eta zati handiago bat bizi da txiro, baina bitartean enpresari handi eta banketxeetako nagusiek «sekulako dirutzak irabazten segitzen dute». «Ez da ulergarria, baina, noski, bata bestearen emaitza da; gutxiengo baten onurarako antolaturiko eredu ekonomikoak gehiengoaren galera dakar». Ekimenarekin bat egin dutenen arabera, «horrek ezin du horrela izan». Herritarren beharretara egina Eguneroko egoerek «inoiz baino gehiago, sakoneko aldaketaren beharra agerikoa dela erakusten dute», dio manifestuak. «Baina argi dugu aldaketa hau bere kabuz ez dela etorriko». Aldaketarako herritarrak elkartu eta horren alde egin behar dutela nabarmendu dute: «Albokoari lagundu eta elkartasuna indartzea inoiz baino garrantzitsuagoak dira. Era berean, egoera honen arduradunei ozen erakutsi behar diegu aldaketa nahi dugula». «Ekonomia herritarren beharren neurrira antolatu beharra» aldarrikatu dute, tresna propioekin eta erabakitzeko ahalmena herritarrak izanik. Erakunde publikoei, berriz, herritarren eskubide sozialak bermatzeko neurriak har ditzatela eskatu diete. «Bereziki, muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei irtenbide justuak eta duinak berehala eskaintzea beharrezkoa da», gaineratu dute manifestuan. Egoeraren datu gordinak Ekimenarekin bat egin dutenek Azpeitiako egoeraren erakusle diren datu batzuk ere azaldu dituzte. Esaterako, uztailean 1.081 langabetu zeuden Azpeitian, eta 41 Lana Erregulatzeko Espedientek 1.798 herritarri eragin zioten iaz. Iaz, Azpeitiko Elikagai Bankura janaria jasotzera 271 herritar joaten zen. Gizarte larrialdietarako laguntza, berriz, 135 familiek jasotzen dute. Etxe desjabetzeei buruzko datu zehatzik eskuartean ez dutela adierazi dute, «baina, herrian desjabetzeak egon direla badakigu, baita hainbatek desjabetze prozesua zabalduta dutela ere». Langabeziak bereziki emakumeei eragin diela nabarmendu dute, «emakume askok lanaldi kontratu mugatuak eta lanaldi murriztuak dituztelako». Horrez gain, sektore publikoan egindako murrizketek ere emakumeen kasuan «eragin handia» izan dutela , «bertako langileen gehiengoa emakumea delako, besteak beste, Osakidetzan, hezkuntzan...». Gazteek ere kontua ez dute samurra, ikasketak bukatu eta lana aurkitzea «ia ezinezkoa» dutela adierazi dute Elkar-ekinetik, «askok eta askok lan bila kanpora jo behar izan dute». Horrez gain, langabeziaren eta murrizketen eraginez hainbat familiak seme-alaben ikasketak ordaintzeko zailtasunak dituztela esan dute. Dena den, «egoera latzenak bizi dituztenak» beste herrialde batzuetatik etorritakoak direla gaineratu dute. «Langabeziak, laguntza sozialen murrizketek, osasugintzan egindako murrizketek eta etxeen prezioek egoera zailean utzi dituzte eta askok eureb herrialdera itzuli behar izan dute». Pentsionisten eta erretiratuen kasuan, Pentsioen Legeak  eta botiken berrordainketak eragin diela adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide