(Nerea Uranga/Hitza)
Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974) Azpeitiko Musika Bandako zuzendaria da, perkusio irakaslea ere bai Juan Antxieta Musika Eskolan, eta
Ze Esatek taldean ere ibili zen. Orain beste talde baten gonbita jaso duela aitortu du. «Gonbidatu egin naute, eta kanta batzuk ere bidali dizkidate, baina ikusi egin behar...», dio. Zaletasunetako bat patinetan ibiltzea du; lanetik irtenda haizea hartu eta kirola egiteko modu bat dela dio. Azpeiti inguruan horretarako bide egokiak daude, bere ustez.
UROLA KOSTAKO HITZA bandaren egoitzan hartu du Frantzesenak. Patinak ere bertan ditu gordeta. «Tarteren bat dudanean jantzi, eta buelta bat ematera joateko».
Noiz eta nolatan hasi zinen patinekin ibiltzen?
Patinekin alaba jaio eta gero hasi nintzen, orain dela bederatzi-hamar urte. Oiartzunen bizi nintzen orduan, etxe ondoan bidegorria zegoen, eta jendea ikusten nuen bertan patinetan.
Neuk ere probatuko nuke ba pentsatuta, merkealdietan merke-merke patinak erosi nituen; onak, gainera. Hasieran, lotsatuta bezala, gauetan-eta ibiltzen nintzen, ezkutu antzean. Auzoan aurrena, hango parkean; aurreneko kolpeak ere bertan hartu nituen. Gero, Oiartzunen bidegorrian gora ibiltzera animatu nintzen, minatara. Gora ondo, baina beherakoan abiadura hartu, eta han ibili nintzen ezin frenatuta. Une batean pentsatu nuen patinak kendu eta etxera oinez joatea, baina beste oinetakorik ez, eta aurrera egitea erabaki nuen, nola ahala.
Zeure kasa ikasi al duzu?
Bai, neure kasa ikasi dut.
Azpeitian bidegorrietan ibiltzen al zara patinetan? Nondik nora?
Ni normalean Lasao aldera joaten naiz, bidegorritik. Ia egunero , ahal dudanean behintzat, buelta egiten dut, eta oso ondo dago inguru hori. Loiola aldera ere joan izan naiz, baina herritik motz samarra egiten da buelta. Luzeago egin nahi bada, Loiolako adokinetatik pasatu behar da, eta patinetan gaizki. Baina Lasao alderako bidea oso ondo dago. Badago goitik beherako tarte bat tunel batean, bihurgunea ere badena. Abiadura hartzen da, eta parean bateren bat egokitzeko arriskua dago. Baina bestela oso ondo eta oso egoki dago.
Eta patinetan ibiltzeak zer ematen dizu?
Lanean ordenagailu aurrean nazkatu, eta buelta bat emateko aukera ematen dit zaletasun honek. Azken batean, ordu erdi behar izaten dut patinetan Danona arteko buelta egiteko. Lanetik irten eta haize pixka bat hartzeko modua da. Beste batzuk kafea hartzera joaten diren bezala, ni patinetan buelta bat ematera joaten naiz. Egunez ez badut itzuli bat egiten, iluntzean joaten naiz, lanak bukatu samar utzita; zazpiak-zortziak aldera edo baita hamarretan ere. Zerbait egin egin behar dela-eta kirola egiteko modu bat da. Geldirik ez dago egoterik.
Azpeitian patinetarako zaletasunik ba al dago?
Nik gero eta jende gehiago ikusten dut patinetan. Hala ere, oraindik gehiegi ez da ikusten. Baina pertsona batzuekin ezustekoa ere hartu dut. Sekula patinetan imajinatu ere egingo ez nituenak ikusi izan ditut.
Patinetan ibiltzea musikarako inspirazio iturria ere ba al da, edo haizea hartzeko soilik da?
Azken finean, kirola gauzak pentsatzeko modu bat ere bada; horretarako ondo etortzen den tarte bat da. Kirola egiten ari zaren bitartean, burua lanean izaten duzu. Gainera, askotan, buruan kantu bat sartzen zait, eta horrek markatzen dit erritmoa ere. Inspirazioa den? Ez. Baina buruari buelta batzuk emateko balio dit. Mendi buelta bat ematea bezala da, edo hondartzan etzanda egotea bezala.
Patinetan musika entzuten joaten al zara?
Ez, ez. Gainera, kalean musika entzuten joaten den jende hori ez dut ulertzen. Patinetan eta musika entzuten joatea pixka bat arriskutsua iruditzen zait, eta pixka bat antisoziala ere bada. Azkenean, txoriak eta autoak, eguneroko zaratak, entzuten joaten naiz.
Azpeitiko Musika Bandako zuzendaria zara. Bandan gauza berriak egiten hasita bazaudete.
Mugitzen hasita gaude, baina herrian nahiko lotzen gaituzten ekintzak badauzkagu, tradizio hori mantentzen dugu. Errepertorio berriak-eta egiten ere ari gara, dena den. Esaterako, aurreko batean antzerkikoekin ere parte hartu genuen. Gauza asko proposatzen dira, baina gero lan asko eskatzen du horiek aurrera ateratzeak. Dena den, bandan saiatzen gara kontzertuetarako berritasunak sartzen edo abesbatzarekin kolaboratzen. Beti zerbait berria gehitzen saiatzen gara, bestela beti abesti berak jotzea...
Irudikatzen al duzu banda patinetan?
Bandako beste batzuk ere ibiltzen dira. Egin izan dugu bandako entsegua bukatu, bandako lau edo bost elkartu eta Loiola aldera patinetan joatea. Baina banda patinetan nahiko zaila da, aldapan behera eta musika tresnekin.
Jende berria animatzen al da bandako kide izatera?
Bai, bai. Musika eskolan maila hartuta dutela ikusten ditudanak gonbidatzen ditut bandara. Bandan hasteko gutxieneko maila bat behar baita.
Azpeitiko Musika Banda sasoiko al dago, jende aldetik eta?
Bai, ondo dago. Baina gorabeherak izaten ditu. Orain dela lau bat urte bandara sartu zirenak ikastera kanpora joan dira, eta 4-5 pertsona gutxiago dut ikasturte honetarako.
Eta zeu zuzendari gisa gustura al zabiltza?
Bai, lanari gustua hartzen ari naiz. Aurretik talde txikiak zuzentzen-eta ibilia nintzen, baina herriko banda zuzentzea erronka handi samarra izan da. Dena den, gustua hartzen ari naiz. Artxiboa ere pixka bat utzita zegoen, orain hori astindu eta gauzak txukuntzeko asmoa dut. Ondoren, denbora libre gehiago dudanean, zer egin daitekeen buruari bueltak ematen hasteko.