Eneko Ibarguren 'Kurku', gaur arratsaldean etxerako bidean zela (Hitza)
17:00ak aldean ekin dio etxerako bideari Eneko Ibarguren azpeitiarrak, eta Nagore Garcia ere bidean da, azken hau 20.000 euroko bermea ordaindu ondoren. 01:00ak aldera da iristekoa Zumaira. Biek astero aurkeztu beharko dute epaitegian sinatzera, eta pasaporterik gabe egongo dira epaiketa bitartean. Izan ere, inputatuta jarraitzen dute. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Herrira-ren egoitzak bi urtez itxita mantentzea erabaki du, eta atxilotuta egon diren 18 pertsonek ezingo dute parte hartu presoen ongietorrietan.
Epaitegitik atera eta ordubete eskasera Info Zazpi irratiari egin dizkio adierazpenak Eneko Ibargurenek. "Ongi baina nekatuta" daudela esan du: "Orohar, egunak ondo eraman ditugu. Gure artean giro ona eduki dugu eta ziegetan ere elkarregin egoteko aukera izan dugu. Momentuoro jakitun izan gara zein geunden eta zein ez bertan". "Kezka kanpora begira" sentitu dutela gaineratu du, "senide eta gertukoengatik". Epailearen erabakiari dagokionez, "sorpresa" izan da Ibargurenentzat: "Ez genuen espero. Goizean epailearen aurretik pasa heinean batzuk aske utziko gintuztela ikusi dugu. Azkenean gehienak kalean utzi dituzte eta espero dugu arratsaldekoak ere libre geratzea". Estatuaren jarrerari dagokionez, operazio horren atzean zein "interes" duen ez dakiela nabarmendu du: "Herri honetan ohituta gaude gutxien espero dugunean herritarrak atxilotu, Madrilera ekarri eta kartzeleratzera. Logika horri jarraituz egin du operazio hori". Era berean, "bihotzez" eskertu du herritarren babesa: "Ziegatik sentitu dugu berotasun hori, lasai egoten lagundu digu".
Komunikabideak Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, Madrilen. Erdian, urdinez, Xabier Mikel Errekondo Espainiako Kongresuan Amaiurreko parlamentaria. HITZA
Aske utzi dituzten arren, «inputatuta» daudela nabarmendu zuen Onintza Ostolaza abokatuak, «oso delitu larriengatik».
Deklaratu duten gainontzeko lauei, tartean Nagore Garcia zumaiarrari, 20.000 euroko bermea ezarri diete askatasuna eskuratu ahal izateko. 17:30etik aurrera igaroko dira epailearen aurretik Ane Zelaia, Gorka Gonzalez, Ibon Meñika eta Jose Antoni Fernandez.
Atxilotuen hamarnaka senide eta ordezkari politiko gerturatu dira Espainiako Auzitegi Nazionalera, Madrilera gaur goizean. Hala ere, poliziak Prado pasealekura bidali dituztela esan duten hainbat iturrik. Tartean da Xabier Mikel Errekondo Espainiako Kongresuan Amaiurreko parlamentaria. Hark Espainia "presoen aldkeo lana kriminalizatu eta bake prozesua lehertu nahian" dabilela esan du, eta ondorioz, atxilotuak "berehala" askatzeko exijitu.
Atxilotuen senitarteko eta gertukoa, Prado pasealekuan. HITZA
Bestalde, EH Bilduren eta PPren artean liskarra izan da Legebiltzarrean, Herrira auzia dela-eta.
Astelehenean 18 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak Herrira mugimenduko sarekadan, Hernanin, Bilbon, Iruña eta Gasteizen. "Erakude terroristako kide" izatea eta "erakunde armatua finantzatzea" egozten die epaileak atxilotuei. Era berean, "terrorismoa goratu" izana ere leporatzen die, kaleratutako euskal presoei ongi etorriak egiteagatik.
Erantzun zabala
Eskualdean erantzun zabala eman dute atxiloketen aurrean. Atzo 70 bat lagun bildu ziren Getarian Herrirako kideen atxiloketak salatzeko. "Euskal Herriak konponbidea behar du, eta estatu espainiarrak darabilen politika gaitzesten dugula argi geratu da gaurkoan".
Getarian 70 lagun bildu ziren atzo, atxiloketak salatzeko. Getariako Herrira
Zarautzen egindako agerraldian, Euskal Herrian Euskaraz taldeak ere salatu zuten Euskal Herriaren kontrako "eraso krudela": "Azken aldian hezkuntzaren, euskararen, gazteriaren, euskal ikurren eta astelehenean bertan, elkartasunaren kontra eman bezala, kolpeak ematen ari da Estatu Espainola. Alor bakoitzaren aurkakoak beharrean, Euskal Herriaren aurkako erasotzat ulertzen ditugu". Hori dela eta, "babes eta konplizitate osoa» agertu dio Herrira mugimenduari, «zuek ere Euskal Herriaren alde lanean gogor jarrai dezazuen". Bestalde, asteartetik goizez zein arratsaldez zabalik dago Herrira Gunea udaletxe atarian. Era berean, egunero elkarretaratzeak egiten dituzte leku berean, auzia salatzeko.
Elkarretaratzea Zarautzen
Zumaian gaur egingo dute prentsaurrekoa, auziaren inguruko irakurketa egin eta datozen egunetarako egitaraua aurkezteko. Era berean, Herrira mugimenduko atxilotuei babesa eskaintzeko mozioa aurkeztuko dute, ez ohiko plenoan 18:15ean.
Ostiralerako zein larunbaterako egitarauak antolatu dituzte beste herritan. Hona hemen:
AZPEITIA
Urriak 4, ostirala
12:00. Sindikatuak deituta, plazetan eta lantoki aurreetan elkarretaratzeak. Ahalik eta jende gehien biltzeko eskatu dute.
19:30. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
GETARIA
Urriak 4, ostirala
12:00. Sindikatuak deituta, elkarretaratzea Gudarien enparantzan
ORIO
Urriak 4, ostirala
18:00-20:00. Tantaz tanta euskal preso eta iheslarien alde itsasoa osatuz.
19:00. Ez ohiko udalbatzarra.
20:00. Elkarretaratza.
ZARAUTZ
Urriak 4, ostirala
11:00. Herrira gunearen irekiera
13:00. Elkarretaratzea eta batzar informatiboa
18:00. Herrira gunearen irekiera.
18:00. Irekialdia: Herriko hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, bakoitzak 15-20 minutuko tartearekin.
18:30. Tik Tara taldearen kontzertua
19:00. Montetxio abesbatzaren emanaldia.
19:15. Bertsolariak: Aitor Urbieta eta Ainhoa Agirreazaldegi.
19:30. Goizeko Ihintza txistulari taldea.
19:45. Euskal presoen eskubideen aldeko asteroko bilkura.
20:00. Manifestazioa udaletxe plazatik,
Konponbidea. Giza eskubideak. Bakea. Atxilotuak askatu! lelopean.
20:45. Trikitilariak eta luntxa.
22:00. Mikel Erguin mimoarekin antzerkia.
22:10. Malaqoda taldearen kontzertua.
22:30. Ane Arrutiren kontzertua.
23:00. Gurutze eta Amaiaren kontzertua
Urriak 5, larunbata
11:OO. Herrira gunearen irekiera
12:00. Eskuorri banaketa
13:00. Elkarretaratzea eta batzar informatiboa
16:00. Autobusa Bilbora, Eguzki paretik
ZESTOA
Urriak 4, ostirala
10:00-12:00. Asteroko azokan triptikoak banatuko dituzte.
12:00. Elkarretaratzea plazan, sindikatuek eta udalak deituta.
18:45. Ez ohiko udalbatzarra: Herrira kolektiboaren inguruko atxiloketei buruzko mozioa.
19:00. Euskal abestiekin kantaldia eta txalaparta, plazan.
Ondoren. Bideo emanaldia, plazan.
ZUMAIA
Urriak 3, gaur
18:15. Ez ohiko udalbatzarra: Herrira kolektiboaren inguruko atxiloketei buruzko mozioa.
19:00. Kostako Herrira taldearen prentsaurrekoa, Kofradian.
Urriak 4, ostirala
19:30. Manifestazioa.