Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz: "Gure hizkuntzan lasaitasun osoz bizitzeko garaia da"

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 3a

Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak. Amaia Ventas Euskal Herrian Euskaraz taldeak Espainiako Estatuko abokatuak Zarauzko Udalaren hizkuntza irizpideen kontra helegitea jarri izana salatu du: «Zarauzko Udala euskaraz bizitzeko bidean pausu garrantzitsuak eman ditu urte honetan. Ueman sartu, eta otsailaren 27an hizkuntza irizpideak berritu zituen. Irizpideetan euskarari lehentasuna ematen dio udalak, euskararen normalizaziorako beharrezko dena. Gainera udaleko alderdi guztiek, PPk izan ezik, bat egin zuten irizpide hauen onarpenean». «Eraso hori» salatzeko agerraldi publikoa egin zuten atzo taldekideek: «Gure nahiak guztiz zilegi dira, munduko beste edozein herritarrek bezala bizi nahi baitugu: gure hizkuntzan». Euskarak «bere estatusa» izan dezan garaia dela nabarmendu zuten, eta baita «gure hizkuntzan lasaitasun osoz bizitzekoa» ere. «Zarauzko Udalak eta beste 35 udalerrik hori ahalbidetzeko pausuak eman dituzte eta oztopoak datoz orain», ohartarazi zuten, eta horren aurrean, «babes osoa» agertu zien herri horiei eta batez ere, Zarauzko Udalari, «Euskal Herri euskaldunaren bidean jarrai dezaten». Hala, helegiteak jaso dituzten herriei babes osoa emateko, atxikimendu kanpaina jarri du abian. Helbide honetan eman daiteke babesa:  http://sustatu.com/zarautz_ehe/1380621306 "Eraso krudela" Era berean, aste honetan Euskal Herriak jaso berri duen «eraso krudela» salatu du: «Azken aldian hezkuntzaren, euskararen, gazteriaren, euskal ikurren eta astelehenean bertan, elkartasunaren kontra eman bezala, kolpeak ematen ari da Estatu Espainola. Alor bakoitzaren aurkakoak beharrean, Euskal Herriaren aurkako erasotzat ulertzen ditugu». Hori dela eta, «babes eta konplizitate osoa» agertu dio Herrira mugimenduari, «zuek ere Euskal Herriaren alde lanean gogor jarrai dezazuen». Hori guztia kontuan izanda, herriko eragile zein norbanakoak «Euskal Herriaren aurkako eraso guztien aurrean kalera ateratzera» deitu dituzte: «Gure kasuan, hilabete honetan Zarauzko Udalak eta beste hainbat herritako udalek jasan duten salaketari aurre egin eta babesa emateko egongo diren ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Guk euskaraz bizitzen segitzeko eta Euskal Herri euskaldunaren alde borrokatzeko konpromisoa berresten dugu. Zuek ere batu zaitezte horretara, guztion artean lortuko baitugu Euskal Herri euskalduna».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide