Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartze prozesua abiatuko du bailaran, herritarrek datorren urterako aurrekontuak osatzeko eta baliabide ekonomikoak bideratzeko proposamenak egin ditzaten.
Aldundiak aurrekontuaren zati bat bideratuko du herritarrek egindako proposamenak gauzatzera, eta horretarako egitasmo pilotuari ekingo diote Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan. Datozen urteetan eskualde guztietara zabaltzeko asmoa dute.
Aldundiak jakinarazi du 500.000 euro utziko duela
Urola Erdiko biztanleen esku, zertan inbertitu erabaki dezaten. Ekarpen horiek gauzatu ahal izateko, ordea, Foru Aldundiaren eskumenekoak izan behar dute, eta hala ez badira, dagokion erakundeari helaraziko dizkiela aurreratu du.
Bost herrietako biztanleek proposamenak egin ahal izango dituzte, eta behin guztiak jasotakoan, lehentasunak ezarriko dituzte bailara mailako batzar batean. Bertan, proposamen «beharrezkoenak» eta «mesedegarrienak» zehaztuko dituzte. Ebaluazio teknikoa egingo dute gero, horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa zehazteko. Azkenik, Aldundiak aurrekontuetan sartuko dituzten behin betiko proposamenen berri emango du bailara mailan, beste batzar batean.
Proposamenak hainbat modutan egin daitezke. Etxez etxe banatu duten eskuorria betez, eta ondoren, udaletxeetan utziz (bost herrietako udaletxeetan utz daitezke). Azkoitian, liburutegian eta Elkargunean ere jasoko dituzte, eta Azpeitian igerilekuan eta liburutegian ere uzteko aukera egongo da. Internet bidez ere egin daiteke, www.aurrekontuahobetzen.net helbidean. Ekarpenak urriaren 17a baino lehen egin behar dira.
Horrez gain, bost herrietan tailerrak egingo dituzte, eta han informazioa jasotzeko eta gainontzeko bizilagunekin eztabaidatzeko aukera izango dute. Saio horietan, gainera, herri bakoitzeko bi ordezkari aukeratuko dituzte, eta prozesuaren jarraipen taldea osatuko dute guztien artean.
Tailerrak, herriz herri
Tailerrak hurrengo astean izango dira. Astelehenean Zestoan elkartuko dira, 18:30ean, udaletxean. Hurrengo egunean Errezilen egingo dute bilera, 21:00etan, kultur etxean. Hilaren 9an azkoitiarren txanda izango da, eta 18:30ean Elkargunean bilduko dira. Ostegunean Azpeitian elkartuko dira, 18:30ean, San Agustinen. Azkenik, hurrengo egunean, ordu berean, Beizamako udaletxean egingo dute saioa.