Urola Kostako Euskadi Gastronomika Kluba sortu dute, turismoa erakartzeko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 3a

58 enpresak osatzen dute egun Urola Kostako Euskadi Gastronomika Kluba. (Amaia Ventas/Hitza) Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako 58 enpresa pribatuk zein publikok osatzen dute elkartea. Kanpora begira, Urola Kostako turismoa «erakargarriagoa» egiteko eskaintza zabal eta kalitatezkoa ezagutarazteko» eta enpresen elkarlana bultzatuz, «eskaintza gastronomiko oso bat egituratzeko» sortu dute Urola Kostako Euskadi Gastronomika Kluba. Bide batez, bertako produktuak sustatu eta ezagutarateko erronka du elkarte horrek. Egun, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako  58 enpresapubliko zein pribatuk—ostatuak, jatetxeak, tabernak, gida turistikoen enpresak, gozodendak, gourmet dendak eta askotariko ekoizleak— osatzen dute kluba, eta ostiralean, Turismoaren Nazioarteko Egunean aurkeztu zuten eskualdeko kluba publikoki, eta bide batez, Euskadi Gastronomikako itsaskor banaketa sinbolikoa egin zuten. «Ea denon artean erakargarria egiten dugun ekimen hau eta datorren urteran enpresa gehiago batzen zaizkigun», nabarmendu du Amaia Guruzetak, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak. Mundu mailan erreferentea Ekainean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadi Gastronomika egitasmoa, eta Basquetourreko zuzendari Arantxa Madariagak azaldu zituen horren nondik norakoak. «Euskadik turismo etnogastronomikoa garatzearen aldeko apustua egin du, turismoa bere eskaintzaren sustraietarako bat delako. Hau Euskadi Gastronomika egitasmoaren bidez egiten du». Hori Euskadiko gastronomia bultzatzeko Jaurlaritzak sortutako plataforma estrategikoa dela azaldu zuen, klub baten eraketarekin. Klub horretan hiru sektorek hartzen dute parte, eta turismo jarduerak egiten dituzten era guztietako eragileak batzen ditu, «ez bakarrik goi mailako sukaldariak». Hain zuzen, nekazari esportazioak, upeltegiak, gaztandegiak eta nekazaltrismoak ere badira klub horren parte. «Mundu mailan Euskadi erreferente gastronomikoa izateko batu dira, turismoaren kontzeptua zabalduz». Orain eskualdeak ere bat egin du helburu horrekin. Guztien artean eskualdeko turismo eskaintza gastronomiko osoa antolatu eta egituratzea,  gastronomiari lotutako turismo fluxuak neurri handiagoan bultzatzea, bertako produktuak sustatzea eta turistei kalitatezko zerbitzua bermatzea da horien erronka orain. Orain arteko ibilbideagatik zoriondu egin zituen enpresok Basquetourreko zuzendariak. «Momentua ez da erraza, baina Gipuzkoan adierazgarria izan da turisten kopurua. Ea aurrerantzean hobetzen joaten garen guztion artean». Horretarako halako ekitaldiak martxan jartzea «ezinbestekoa» dela adierazi du. Hala azaroaren 2an eta 3an Donostian jardunaldi gastronomikoak egingo dituztela gogoratu zuen, eta bertan parte hartzera gonbidatu, «arrakasta izateko guztiak parte hartzea beharrezkoa delako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide