Azpeitiko hainbat eragilek bat egin dute gaur arratsaldean 'Tantaz tanta presoen eskubideen alde, tantaz tanda konponbidearen alde' lelopean (Nerea Uranga/Hitza)
Gaur iluntzean
Tantaz tanta presoen eskubideen alde, tantaz tanda konponbidearen alde lelopean agerraldia egin du Azpeitian herritar talde batek, tartean daude Iban Arregi, Mikel Aranburu futbolari ohia, Joxe Arregi fantziskotar ohia, Imanol Lazkano bertsolaria, Nerea Illarramendi, Erika Olaizola aktorea, Maria Jesus Bernaras medikua, Begotxu Azkue irakaslea eta Alazne Altuna Ibargurenen ikaskidea izandakoa. Bertan, lehenik eta behin Eneko Ibargurenen senideei nahiz lagunei elkartasuna adierazi diete herritarrek. «Era berean, gure kezka agertu nahi dugu egun hauetan bizi dugun egoeragatik».
Agerraldian parte hartu dutenentzat «ezinbestekoa da giza eskubide guztiak bermatzea. Eta horien artean, Herrira-k modu zabal eta baketsuan defendatzen dituen euskal presoen eskubideak ere badaude. Beraz, eskubide batzuen defentsan lanean diharduten, pertsona batzuen eskubideak urratu dira oraingoan», salatu dute.
Gertaera hori, «bake eta normalizazio bidean atzerapausoa» dela uste dute eta horregatik eskubide urraketen aurrean ezinbestekotzat jotzen dute «erantzun zabal, indartsu eta baketsua» ematea. Horretarako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Ostiralean 19:30etik aurrera egingo da elkarretaratzea Azpeitiako udaletxe aurrean.
Epailearen aurrera, ostegunean
Astelehenean atxilotutako Herrira-ko kideek Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari uko egin diete, tartean Nagore Garcia zumaiarrak eta Eneko Ibarguren azpeitiarrak. Garcia atzo abokatuarekin bildu zen, eta ondoren abokatua familiarekin jarri zen harremanetan;
"lasai daude, momentu oro ondo tratatu dituzte eta mehatxurik ez diete egin", adierazi zion abokatuak familiari. Audientzia Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean bihar deklaratuko dute atxilotuen eta iturri judizialek jakinarazitakoaren arabera, arratsaldera arte luzatuko da deklarazioa. Bestalde, bihar erabaki beharko du epaileak zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.
Gaur sumarioa sekretupetik atera du Audientzia Nazionaleko Eloy Velasco epaileak eta atxilotuen abokatuek hori jaso dute, atxilotuetako bakoitzari zer leporatzen dioten ezagutzeko. Ordura arte Guardia Zibilak atxilotuei egozten dizkieten kargu orokorrak jakinarazi zizkieten abokatuei; ETAko kide izatea, erakundea finantzatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen die epaileak hain zuzen ere.
Protestak herriz herri
Atxiloketak salatzeko, datozen egunetan
hainbat protesta eta ekitaldi egingo dute eskualdean. Besteak beste, gaur asteazkena, Zumaian giza katea egingo dute 19:30ean Erribera kalean eta Getarian elkarretaratzea egingo dute 19:30ean udaletxe aurrean. Zestoan ere gaur egingo dute batzarra, 19:00etan plazan. Zarautzen, berriz, ostirala bitarte Herrira gunea egongo da udaletxe plazan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00tara. Egunero, 13:00etan eta 20:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte
Atxilotuak askatu! Giza eskubideak, irtenbidea, Bakea lelopean.
Herrira-ren kontrako operazioa Euskal Herriaren aurkako erasotzat jo dute ELA, LAB, ESK, Eilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, eta "konponbidea oztopatzeko" ahaleginari "lantokiz lantoki" erantzuteko eskatu diete langileei. Hala,
ostiralean 12:00etatik 12:30era lantoki aurrera edo udaletxe aurrera ateratzeko dei egin dute.
Bestetik, larunbat honetarako manifestazio nazionalera deitu dute hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek. Bilbon egingo dute manifestazioa, 17:30ean La Casillatik abiatuta. Zumaian, esaterako, manifestaziora joateko autobusa antolatu dute. Inpernupen, Alkartetxean, Metron eta Nikolen eman daiteke izena. Zestoan ere autobusa antolatu dute, eta izena “ohiko tokietan” eman daiteke. Honako eragile eta alderdi politikoek egin dute manifestaziorako deialdia: Alternatiba, Aralar, Askapena, Bai Euskal Herriari, Behatokia, Bilgune Feminista, CGT, Egiari Zor Fundazioa, EHNE, ELA, Eleak mugimendua, Elkartzen, EPPK bitartekaritza, Erabaki, Ernai, ESAIT, ESK, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, GITE-IPES, Gorripide, HIRU, Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, LAB, Sare antifaxista, Sortu, EILAS, Taupaka, sortzaileon elkartea, Torturaren Aurkako Taldea.