Joxean Agirre, 'Adiskide bat nuen' liburuaren ale batekin (Amaia Ventas/Hitza)
Joxean Agirrek bere belaunaldia «markatu» duten bi gai landu ditu azken eleberrian,
Adiskide bat nuen (Elkar) liburuan: sexua eta politika. Gizonezko heldu baten hitzetan, adiskide batek klandestinitatean zein erbestean bizitakoak, emaztearekin duen harremanaren parodia eta emakume gazte batekiko lilura txirikordatu ditu Zarautzen bizi den azpeitiarrak azken lan horretan. Guztia, bere ohiko tonu umoristikoan kontatuta. Atzo bertan aurkeztu zuen Donostian, Elkar aretoan, Xabier Mendiguren editorearekin batera.
Nobelak «hainbat puntu» du, Agirreren arabera. Pisua duena, ardatza, eta hain zuzen, nobelari titulua eman dion pasadizoa protagonistaren adiskidearen ibilbide politikoari buruzkoa da. «Klandestinitateak literaturarako izugarrizko jokoa ematen du, beti da abentura, beti da arriskua... Niri hainbeste gustatzen zaidan joko hori dago, muturreraino eramanda», azaldu du.
Gai «gogorra» den arren, tonu komikoa baliatu du Agirrek. «Nik erbestearekin eta klandestinoekin izan dudan harreman bakarra Parisen izan nuen, 1969tik aurrera, bertan ikasten nengoela. Garai hartan Parisen bazegoen belaunaldi bat gerra garaikoa, eta beste bat gerra ondorengoa. Horietako asko ETAren ingurukoak ziren, eta ohitura zuten beren ekintzak eta balentriak igande arratsaldetan kontatzeko. Eta nik entzun nituen istorio asko pelikula komikoak egiteko modukoak ziren».
Batzuetan zenbait eduki azaltzeko «makuluak» behar izaten direla nabarmendu du, eta erbestearen zentzua kontatzeko Monfalconeko (Italia) ontzioletako langileen «istorio gordina» baliatu du, bitarteko gisa. «Bigarren Mundu Gerra bukatu eta Jugoslavia ohian Josip Broz
Tito gobernuan jarri zenean, Monfalconeko ontzioletako 2.500 langilek bertara lanera joatea erabaki zuten. Heroiak izan ziren Jugoslavian, harik eta urte gutxira Titok herriari lotutako sozialismoa aldarrikatu eta Adriatikoko irla batera, kontzentrazio esparru batera bidali zituen arte». «Istorio horrek ez du gure talde klandestinoekin», aitortu du. Baina «kausarekiko fede horretan nolabait bat egiten» dutela. «Orduz kanpo galtzaileak dira, baina ederra da borroka hori».
Azaldu du bi edo hiru aldiz erabili duela esperientzia hori eleberrian zehar, eta horrek Trieste hiriarekin lotzeko balio izan diola. «Monfalcone ondoan dago Trieste, Italiako mugan. Oso hiri berezia da, ez baitauka Italiarekin hainbesteko lotura. Hori dela eta, erbestearekin lotzeko ongi etorri zait». Hain zuzen, bertan kokatu du protagonistaren adiskide klandestinoaren bizitokia.
«Argia ematen duen beste xehetasun bat» narratzailea bera da: literatura irakasten duen gizon heldu bat da, intelektual bat. «Intelektualak beti zalantzak izan ohi dituzte, baina militanteek ez; eta izatekotan, oso tarte txikia dute horretarako. Hala, protagonistaren eta haren adiskidearen dikotomia hori planteatu dut».
Arnasa emateko
Gai nagusia «erdi politikoa» bada ere, Agirreren helburua ez da nobela politiko bat idaztea izan. «Izugarrizko beldurra nion irakurlea aspertzeari. Egia esan, ez zait gustatzen nobela politikoak idaztea; nik konpromiso humanoa sentitzen dut, morala. Borroka armatua agertzen da eleberrian, erbestean bizi den lagunak gauza gogorrak kontatzen ditu, baina oso modu episodikoan. Hemen jolasa dago asko, istorio gordinak kontatzen diren arren».
Izan ere, literaturak tragedia horien gainean idazteko ere balio duela dio, hain zuzen, «beldurrak baretzeko». Are gehiago, «irribarre batekin» irakurtzeko moduko eleberria dela aitortu du. «Hori da nire neurria».
Arnasa emateko, narratzailearen bizitzako beste bi pasadizo «arinago» ere tartekatu ditu eleberrian, modu laburrean kontatuta. Batetik, egungo sexualitatearen parodia egin du. «Protagonistaren emazteak entrenatzaile sexual modukoa du, eta ikastaroan ikasitakoa etxean praktikatu beharra dauka. Senar gizajoa, ordea, nahiko heldua da, eta kosta egiten zaio emaztearen martxa eramatea; izan ere ariketa batzuk nahiko gogorrak egiten zaizkio».
Hirugarren istorioa, berriz, «txorakeria bat» dela nabarmendu du idazleak, «txiste baten modukoa». Aurreko nobeletan bezala, gaztetasunarekiko eta gazteekiko lilura hori errepikatu du
Adiskide bat nuen eleberrian. «Narratzailea kazetari batekin geratzen da, eta haren zain dagoela neska gazte bat agertzen zaio. Ez da argi geratzen prostituta den ala ez, baina badirudi baietz. Izan ere, kazetaria izateko dotoregi dago. Gainera, haren etxera gonbidatzen du, eta horrek harritu egingo du protagonista». «Ezinezko maitasun istorio bat» eta heldutasunaren inguruko hausnarketa tartekatuko ditu azken pasadizo horrek.