Auzokonposta ikastaroa emango dute bihar, asteazkena, Getarian

Getariako Hitza 2013ko urriaren 1a

Konposta egiten ikasi ahalko dute bihar, asteazkena, Getariako Potzuaga, Sahatsaga Goia eta Balentziagako auzotarrek. Konpostari elkarteak eskainiko du Iturzaeta Herri Eskolako aretoan, 19:00etatik aurrera. Horretarako izena eman beharko da aurrez udaletxera deituta, 943-896024 telefonora. Getarian lehen konpostatze komunitarioa Balentziagan jarri zuten, eta bertan hamaika familik hartzen dute parte. Bigarren gunea, berriz, Sahatsaga Goiko eremuan atondu zuten, eta egun zortzi sendik erabiltzen dute. Orain  hirugarren gune bat sortu dute Potzuagako auzotarrentzat. Zelai partikularrik ez duten bizilagunei auzoko berdegune publikotan konposta egiteko aukera eskaintzen zaie hala, auzolanean. «Horrela, konpostatzea herriguneetara ekarri nahi da», adierazi dute arduradunek: «Familia bakarrak egin beharrean, auzoko hainbat familiak elkarrekin egiten dute konposta, herrigunean horretarako prestatutako gunetan» Auzotarren parte hartzea «beharrezkoa» dela diote konpost ontziaren mantenurako. «Hala hainbat familiaren hondakinak tokian bertan birziklatuko dira, eta hondakinak garraiatu eta tratatu beharrarenn kostua aurreztuko du udalak», nabarmendu dute konpostari elkartetik. Eta bide batez, auzotarrak «modu kolektibo eta komunitarioan bizitako esperientziaz aberastu». 1getaria.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide