Say you, say me argazkia (Argazkia: Ione Saizar)
Ione Saizarrek
The Suburbs of a Secret erakusketan jarri ditu erakusgai iPhone bidez ateratako argazkiak. Urtebete darama iPhone-aren kamerari zukua ateratzen. Ione Saizar zarauztarra argazkilari profesionala da, eta egun Londresen (Erresuma Batua) bizi bada ere, Espainiako hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du,
freelance gisa; besteak beste,
El Pais egunkariarekin. Lanerako argazki kamera konbentzionala erabiltzen badu ere, sormen artistikorako iPhoneografiaren aldeko hautua egin du. Joera fotografiko berriko emaitzak udaberrian erakutsi zituen estreinakoz, Madrilgo Smart galerian,
The Suburbs of a Secret erakusketan. Oraingo honetan, Donostiara ekarri du proposamena, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Alberto Fernandez-Ibarburu erakusketa aretora; hilaren 16ra arte bisitatu ahal izango da.
Emily Dickinsonen poema bat oinarri hartuta,
sekretuaren aldirietan murgildu da Saizar proiektua gauzatzeko orduan. Egunerokotasun emozionala izan du ardatz, «ikusten ez den misterioa» aurkeztu nahian. «Pertsona guztiok emozio ugari bizi ditugu, nahiz eta gure baitan gordeta daramatzagun. Beraz, emozio horiek iruditan islatzen ahalegindu naiz. Ezezagunen argazkiak dira, baina autokontakizun bezala irakurri daiteke. Besteen bitartez, nire irudi fragmentatua erakusten dut», azaldu du argazkilari zarauztarrak.
Hiria, gaua, misterioa eta arrotza presente daude bere irudietan. Oso libre aritu da lanean, zuri-beltzean zein koloretan, eta guztira 30 argazki bildu ditu. Tamaina nahiko txikiko irudiak dira, 30 zentimetrokoak. «Hori da, agian, mugikorrak duen muga bakarra. Oraingoz, ordea, ez dit gehiegi inporta». Madrilen jarritakoa erakusketaren izenburu eta ildo narratibo bera du Donostiakoak, baina paratutako argazkien erdia berriak dira. «Harrera ona izan zuen Madrilen. Bat baino gehiago harritu egingo da orain ere, ez baitute sakelekoarekin aterata daudela ematen».
Momentuko joera da
iPhoneografia, eta etorkizun luzea ikusten dio Saizarrek. «Jakin badakit moda dela, baina moda iraunkorra izango da. Izan ere, gero eta kamera hobeak eta prestatuagoak txertatzen ari dira sakeleko telefonoetan. Argazkilaritzaren bidea izan liteke».
Aukera berria
Hasieran aukera baztertu egin zuen, argazki kamera bazuela argudiatuz. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, argazkiak ateratzen eta probak egiten hasi zen. «Lehenik eta behin, niretzako bakarrik ateratzen hasi nintzen. Ondoren, forotan kontsultatzen hasi nintzen, eta Instagram programa ezagutu nuen (argazkiak partekatzeko sare soziala). Bertan, sekulako argazkilariak ezagutu nituen».
Jarraian, editatzeko aplikazioak txertartzen eta mugikorraren kamera ezagutzen joan zen. «Jostailuzko kamera balitz bezala erabiltzen hasi nintzen. Oso erabilerraza baita, fotokazetaritzarako erabiltzen dudan kamerarekin konparatuta». Mugikorrak argazkilari «ikusezina» bihurtzen dueal dio. «Hori horrela, ez naute argazkilari moduan ikusten, eta horrek aukera zabalagoa ematen dit argazkiak ateratzerakoan».Gainera, «laborategia» uneoro berekin eramateko aukera eskaintzen dio. «Argazki bat atera dezaket iPhone-arekin, eta ondoren kafetegi batean editatu. Etengabe sortzen ari naiz».
Analogikotik digitalera pasatu zenean bezala, argazkilaritza oraina telefono mugikorra dela onartu du Saizarrek. «Teknologiak pauso bat aurrerago garamatza, eta ni beti izan naiz horren aldekoa. Teknologia berriek ematen dizkiguten abantailak baliatu behar ditugu. Ez naiz purista horietako bat. Formatoez, dimetsioez eta kameraz harago, beste zerbait izan behar duzu argazki onak ateratzeko».
Argazkilaritzako talentu berrien Absolute Porfolio lehiaketara iPhone-arekin ateratako
Say you, say me argazkia aurkeztu zuen aurten (orain Donostian ikus daitekeena), eta 500 parte-hartzaileen artean finalista izan zen. Gainera,
iPhoneografia landu zuen egile bakarra izan zen. «Nahiz eta saririk ez nuen lortu, niretzat inportatea izan zen hautatuen artean egotea».