Eguraldi ona bizitzan erakusketa zabaldu du Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarrak Oxford aretoan. Wilhem Reich zientzialari, psikologo eta asmatzailearengana egindako hurbilketan eta haren teoriaren inguruan egindako hausnarketetan oinarrituta dago. «Reichek energia orgonikoa defendatzen zuen; hau da, gizakiok eta atmosferak partekatzen dugun energia mota. Benetakoaden ala ez, batek daki, baina niri hausnaketa, abiapuntu edo desira objektu bezala balio izan dit haren figurak».
Zuhar Iruretagoiena desmuntaturiko kaxa orgonikoen artean, Eguraldi ona bizitzan erakusketan (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Instalazioan zientzialariak asmatu zuen kaxa orgonikoa ikus daiteke, erabat desmuntatuta. «Haren planoak eta jarraibideak hartuta, halako kaxa bat eraiki dut. Baina nire interesa estetikoa zenez, artistikoki funtzionatzea errespetatu dut; betiere, hark emandako pautak jarraituta».
Reichen hilobia eta museoa Rangeley-n dago (Maine, AEB), eta hara otsailean egindako bidaiaren erreportaje grafikoa jaso du. Tamaina handiko argazkiak dira: paisaia elurtuak, zeru urdinarekin edo laino itxiekin. Era berean, bidaia horren ikus-entzunezkoa proiekzioa ikus daiteke. «Bertako jendea elkarrizketatu genuen, eta bildutako materialarekin dokumentala egin dut».
Zientzialariaren museoan ere izan zen bidaia hartan, baina ez zioten bertan filmatzen utzi. «Barruan izan ginen, eta bertako arduradunekin elkarrizketak egin ahal izan genituen, baina ez ziguten irudiak hartzen utzi. Antza denez, museoa bere dokumentala grabatzen ari zen; zehatzagoa edo zientzifikoagoa, nolabait esateko. Hori horrela, hegazki txiki bat alokatu nuen, eta gainetik atera nizkion argazkiak eraikinari, ahal nuen moduan».
Magnetismoa
Hegaldi hartan ateratako irudien sekuentzia panel garden batean jarri ditu. Oro har, erakusketako panelak eta azalpenak aurkezterakoan ere, Reichen pentsakerak izan ditu kontuan. «Energia kanpoak eta haien arteko kanpo magnetikoak ikertzen zituen. Ideia hori asko gustatu zaidanez, egiturak imanen bidez eutsi ditut».
Orgonitak ere eraman ditu Iruretagoienak Oxford aretora. «Energia orgonikoa orekatzeko aparatuak dira orgonitak, eta mineralez —kasu honetan, amatista, kuartzo arrosa eta kuartzo zuriz—, burdin-txiribilez eta poliesterrez eraikitzen dira. Oreka hori lortzeko beharrezko materialak, alegia». Pieza txikiak dira, eta horiek eraikitzeko ahoaren moldeak erabili ditu; hau da, ahoa zabaldu eta ixtean egindako bost postura mota jakin.
«Meteorologian lainoetan irakurtzen omen da energia orgonikoa, baina gizakietan orgasmoaren bitartez askatzen da. Bere terapian badaude postura fisiko batzuk lantzeko. Postura horren irudi sekuentzia ere ekarri dut, bi dantzarien bitartez». Azken finean, ahoaren eta pelbisaren posizio horien bitartez «libratzen» du gizakiak energia orgonikoa.
Reich nahiko «pertsonaia konplexua» da. «Sigmund Freud-en dizipulua izan zen, eta sexualitatea eta gizakiaren arteko harremana ikertuz, energia orgonikora heldu zen. Meteorologia kontrolatzeko makina bat asmatu zuen azkenean,
cloudbuster izenekoa. Dirudienez, energia orgonikoa botatzen du zerura, eta lainoak sor edo desager ditzake». Hortik dator
Eguraldi ona bizitzan izenburua. «Oso baztertuta dago Reich, ameslari ero bat bailitzan hartzen baitute. Zientzia munduan, gainera, inork ez du bere teorietan sinesten».
Izaera konplexua
Haren ideien bitxikeria deigarria egin zitzaion Iruretagoienari. «Zientzia munduak asko kritikatzen duela ikusi nuen; izan ere, zientziak bere pautak, lengoaiak, funtzionamenduak eta enpirismoa ditu, baita egiaren zentzua ere. Artean, aitzitik, egia ez zaigu gehiegi axola. Alde horretatik, oso interesgarria iruditzen zitzaidan bere alde sortzaile hori modu artistikoan lantzea. Azken finean, gizakia mentalki eta emozionalki osorik egoteko modu egokiena eguneroko bizitzan sortzaile izatea dela defendatzen zuen».
Zarauztarra izanik, etxetik gertu bere sormen lana erakusteko gogoa zuen Iruretagoienak. Zumaiako Oxford aretoa halako instalazio bat jartzeko leku egokia dela iritzita, bertan izango da ikusgai urriaren 13a bitartean.