Azpeitian arratsaldean egin duten manifestazioko irudi bat (Nerea Uranga/Hitza)
Manifestazioak egin zituzten atzo iluntzean Azpeitian eta Zumaian, Nagore Garcia eta Eneko Ibarguren herritarren askatasuna eskatuz. Orion, Zarautzen eta eskualdeko beste zenbait herritan ere bilkurak egin zituzten. Azpeitiko manifestazioan, esaterako, ehunka lagunek hartu zuten parte. Aurretik, batzar informatiboa egin zuten eta bertan Ibargurenen arrebak hitz egin zuen. Bere esanetan,
atxilotutakoak ez daude inkomunikatuta, eta ostegunean hasiko dira Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatzen.
Herrira-ren aurkako operazioa egin zuen atzo goizean Guardia Zibilak Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Hernanin, Espaniako Audientzia Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz. Hemezortzi lagun atxilotu zituzten, eta horien artean dira Nagore Garcia zumaiarra eta Eneko Ibarguren azpeitiarra. ETAkoak izatea eta ETAko kideen omenaldiak antolatzea leporatu die Guardia Zibilak atxilotuei, omenaldi horietan «delituak justifikatu eta ETA erakunde terrorista goratu» egiten dela argudiatuta. Gaineratu dute udan «ongi-etorri kanpaina» bultzatu dutela atxilotatukoek. Horietan «ETA goratu eta justifikatu» dela diote, eta horrek biktimen salaketa «asko» ekarri dituela, «mespretxatu dituztelako».
Horren aurrean, Herrira-ren aurkako operazioak bake prozesuaren alde egindako lana «kriminalizatzeko nahia» duela salatu du Baionatik Herrira kolektiboak.
Zumaian egin duten manifestazioaren une bat (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hemezortzi atxilotu
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Herrira-ren zuzendaritza batzarra egiten ari zen Hernaniko egoitzan, Guardia Zibila bertara sartu eta hamar lagun atxilotu zituztenean; tartean Nagore Garcia zumaiarra zegoen.
Gainerako zortzi atxiloketetatik bost Gipuzkoan egin zituzten, eta lagun bana atxilotu zuen Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Eneko Ibarguren azpeitiarra, esaterako, Azpeitian atxilotu zuten, Loiolako Liburutegiko pasilloetan.
Herrira-ren egoitzak ixteko agindu du Eloy Velasco epaileak, baita kontu korronteak eta sare sozialetako kontuak blokatzeko ere: Twitterreko 32 soslai, Facebook-eko 125, eta 38 webgune, hain zuzen ere.
Atxiloketen ondoren, Espainiako Gobernuko Barne ministroak Herrira-ren aurkako polizia operazioaren nondik norakoak azaldu zituen atzo eguerdian, eta Herrira «ETAren tentakulua» dela esan zuen. Horretaz gain, zera adierazi zuen: «Herrira-k bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa». Fernandez Diazen iritziz horrek «agerian» uzten du Herrira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oinordekoa dela, Fernandez Diazen arabera.
Operazioa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegiak agindu zuten, Velasco buru zutela. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako komandantzietako guardia zibilek parte hartu zuten operazioan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, «beste unitate batzuen laguntzarekin».
Herritarrak kalera
Herrira-ren aurkako polizia operazioak iraganeko mamuak gogora ekarri ditu, eta erakundeen eta herritarren gaitzespena eragin du. Zumaiako eta Azpeitiko udal gobernuek albistea jakin orduko Herrira mugimenduaren kontra eginiko operazioa salatu zuten atzo. Operazioan atxilotutako Nagore Garcia zumaiarrari eta bere gertukoei «babes osoa» azaldu zion Zumaiako Udal Gobernuak, eta Eneko Ibargurenei eta haren ingurukoei Azpeitikoak. Hala, Garcia eta Ibarguren «lehenbailehen aske uzteko» eskatu zuten, «giza eskubideen defentsan aritzea ez delako delitua». «Herrira mugimenduak giza eskubideen alde egiten duen lana» berretsi zuten Zumaiako eta Azpeitiko udal gobernuek, eta konpromisoa azaldu zuten, besteak beste, «Euskal Herriaren gatazkaren konponbidean eta euskal preso politikoen eskubideen defentsan lan aktiboan segitzeko».
"Eskandalu demokratikoa"
Polizia operazioa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak
Parot doktrina-ren inguruan hartu behar duen erabakiarekin lotu zuen Herrira-k. «Espainiako Estatuak bake prozesuaren aurrean duen jarrera erakusten du», azaldu zuen presoen eskubideen aldeko kolektiboak ohar batean. Gainera, bake prozesuaren alde egin duten lana «kriminalizatu» nahi dutela salatu zuten Baionatik.
«Orain dela urte eta erdi jaio zen Herrira, eta harrezkero, bere aldarrikapenak Euskal Herrian eta Europan egin ditu, leku bat egin du, eta euskal preso eta errefuxiatuen eskubiden alde jardun du lanean. Egiten duen lana bake prozesuaren alde egiten du», aldarrikatu zuten kideek zabaldu zuten oharrean.
Herrira-ren aurkako sarekada «albiste txarra eta atzerapausoa» dela adierazi zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, iritzita «gainditutako garaiak» dakartzala gogora. Erkorekak uste du euskal gizarteak ez dituela gaurko atxiloketak eta miaketak ulertzen, espero duena «aurrerapausoak» direlako.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, bestalde, polizia operazioa «eskandalu demokratiko hutsa» dela azaldu zuen.
Herrira-ren aurkako operazioa kolore guztietako politikarien gaitzetsi dute, eta iritziek oihartzuna izan dute sare sozialetan ere. PSE-EEko presidente Jesus Egigurenek, esaterako, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren kontra jo zuen atzo, bere blogean idatzitako mezu baten bidez: «Gauza bat da Euskadin izandako terrorismoaren aztarnak desagertzearen aurrean interes falta erakutsi izana, eta beste bat halako zentzugabekeria politiko eta juridiko bat egitea, jada existitzen ez diren arazoak berriz zabaltzeko asmotik uler daitekeena soilik». Egigurenen ustez, gobernu batek ezin du gai horrekin
jolasean aritu, eta ohartarazi zuen atzoko operazioa ez dela soilik ezker abertzalearen arazoa, Euskal Herri osoarena eta Espainiarena baizik.