EH Bildu: "Udal bezala beharrezko maila politikoa eman dugu, arduraz eta etorkizunaren zentzuarekin jokatuz"

Urola Kostako Hitza 2013ko irailaren 27a

EH Bilduko zerrendakiak, atzo moilan egindako agerraldian. Amaia Ventas Legegintzaldiaren erdia pasata, EH Bildu osatzen duten ordezkariek orduan hartutako konpromisoak berretsi dituzte. "Gure indargunea, konfiantza, herritartasuna eta eraldaketa dira. Eta Zarauzko Udalean dauden gure zerrendakideek egindako lanari balioa eman nahi diogu". Atzo egin zuten agerraldia duela bi urteko maiatzean Bildu eta Aralarreko—orduan banatuta aurkeztu ziren eta orain elkartu egin dira—zerrendetan joan eta egun udalean ardurarik ez dutenek. Udalak "beharrezko maila" eman duela nabarmendu zuten horiek, "arduraz eta etorkizunaren zentzuarekin jokatuz". Bi urtean "urjentziazko neurriak" eta "erabaki estrategikoak" hartu dituztela gogoratu zuten. "Behin larrialdi egoera gaindituta", EH Bilduren lana "beste fase batean" sartuko dela iragarri zuten, halaber: "Orain arte bezala, gutxiengoan gaudela onartuta, alderdi guztiekin akordioak bilatu beharko dira gaiz gai, sintonia indartuz, baina batez ere, herrian, herritarrengan eta herri eragileengan bilatuz gure indarra". Etorkizunean ere hautatuak izan ez diren zerrendakideen babesa izango dute EH Bilduko ordezkari politikoek: "EH Bilduk bere balore eta lanerako borondatea erakutsi dituelako harro gaude. Baina, batez ere, elkarrekin eta adostasunetik lanean aritzea posible dela erakutsi dugulako". 2011eko maiatzean Zarauzko Udala "testuinguru larrian" zegoen: "Udalaren ogasun egoera oso-oso larria zen aurreko urteetako kudeaketa txarragatik, eta ardurak hartzea egokitu zitzaigunean egoera hasiera batean iragazten genuena baino latzagoa zela jabetu ginen". Hain zuzen, 23 milioiko zorra zuen, eta  horrek bere eguneroko lana "hipotekatzen" zuela, "gastu arruntari aurre egin ezin izateraino". Horren aurrean, egungo udalak "erabaki gogorrak" hartu behar izan ditu, gastua orekatu eta udal baliabideak berreskuratzeko. Udalaren diru sarrerak egun "oso mugatuak" direla esan zuten: udalak 19 milioi euroko zorra dauka. Bi urtetan, ordea, lau milioi euroko zorra kitatu du, eta horrek beste hainbat ataletan aldaketa ekarri duela. Egoera ekonomikoaz gain, beste hainbat alorri "irteera eman" behar izan adierazi zuten: "Orekatze prozesu horren baitan, hainbat proiektu etetea estrategikoa zen. Batez ere, polikulturalaren egitasmoa, kontratu hori mantentzeak herriko kultur azpiegituren egoera larriagotu eta herritarren poltsikoetan izugarrizko zuloa ekarri zuelako". "Krisi kutural eta ekonomikoaz gain, eredu krisia" ere eragin zuela gogoratu zuten: "Handiaren eta hutsalaren eredua zen, eta EH Bilduk, zeuden bitartekoak berrerabiliz, moldatuz eta baloratuz erantzun du, Modelo zinema berreskuratuz. Inbertsio handien aurrean, ertainak egitea iragarri genuen, eta batez ere, ez izatea azpiegiturak helburu, aberastasun kulturala baizik". Ildo horretatik, bi urtean kulturak "beharrezko lekua" berreskuratu du haien arabera, "ikuspegi herritarretik landuta eta dirutzarik xahutu gabe". Erabaki estrategikoak Horri lotuta, herritarren parte hartzeari emandako "garrantzia" nabarmendu zuten, balore hori udalaren eguneroko jardunean txertatuz eta eragileekin harreman bideak eraikiz. Hainbat prozesu zabaldu dituztela oroitu zuten, mugikortasuna, kultur azpiegituren gaia eta aurrekontuak lantzeko, besteak beste. Hala ere, "zer hobetua" badute: "Eremu honetan sakontzeak, udalaren eraginkoratsun ez ezik, sinesgarritasuna eman dio gure apustuari. Hartu emanaz gain, diagnostikoak partekatu eta beharrezko autokritika eta zuzenketak egiteko aukera eman du horrek". "Salbuespeneko" erabakiak hartzeaz gain, "gai estrategikotan etorkizunera begirako politika egin du". Zigordia eta Ipar kaleetako peatonalizazioa, aparkalekuen arazoari "irtenbidea bilatu" izana eta bidegorria zabaltzea aipatu zituzten adibide gisa.  "Justiziazko Zarautzerantz urratsak" eman dituzte, bestalde: etxebizitza arazoaren aurrean, erabili ohi ez diren etxeei errekargua ezarri dio udalak. Hori dela eta, diru sarrera batzuk izan ditu, eta ondorioz,  gizarte laguntzen partida %4 handitu dute. Euskara sailean ere egin dituzte aldaketak: "Zarautz herri euskalduna izanda, erabaki koherentea izan da Zarauzko Udala Ueman sartzea eta bere egiturak eta kanpo agerraldiak euskaraz egiteko konpromisoa hartzea, horrek gure hizkuntza benetako erdigunean jartzea baitakar, gure programan genion bezala". Hondakien eztabaida bideratzeko "beste modu bat" aurkitu dutela jakinarazi zuten: eragileak eta alderdi politiko guztiak EHU Euskal Herriko Unibertsitateakin mahai baten jiran bilduz. Gai horri "ahalik eta adostasunik zabalenarekin eta parte hartzearen bidez" aterabidea emateko asmoa dute, "beti ere erantzunkizunetik abiatuta".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide