Xabier Zabala: "Musikarekin sentipenak eta egoerak deskribatzen ditut"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 27a

Zabala, artxiboko irudi batean Xabier Zabala (Zarautz, 1967) musikari zarauztarrak Zinemaldiko aurkezpen ekitaldietako soinu banda sortu du; Munduko loreak abestiaren bertsio instrumentala, hain zuzen ere. Zergatik Munduko loreak? Zuzendariari asko gustatzen zaio Munduko loreak abestia, eta aurkezpen ekitaldietarako egokia izan zitekeela pentsatuta, abestiaren egokitzapena egitea proposatu zidan. Soka musika tresnak, perkusioa eta Golden Apple Quarteten ahotsa uztartu ditugu. Izenburuak adierazten duen moduan, oso sinfonikoa eta deskriptiboa da, zinematografikoa. Abestiak Zinemaldiaren aurkezpen ekitaldia ireki zuen, ezta? Hori da. Dena dela, abesti nagusiko melodian oinarrituz beste hamar pieza txiki ere sortu genituen. Sariak jasotzerakoa orduan, edota norbait eszenatokira irteten denean jartzen dituzte. Orain arte egin dituzun proiektuak eta hau oso desberdinak al dira? Musikarioi denetik egitea egokitzen zaigu. Filmak eta obra sinfonikoak egin izan ditut, eta beste hainbat proiekturi musika jarri diet. Gaur egun, esaterako, urtero Pirritx eta Porrotxekin egiten dugun diskoa grabatzen ari gara estudioan. Zinemaldirako Munduko loreak abestiaren egokitzapena sinfonikoa izan da, eta, ildo horretan, askotan egiten ditut mota horretako lanak. Inspirazio iturria ere beste modu batekoa izango da, ezta? Lan bat egiteko hots egiten didatenean beti pentsatu behar da zertarako den, nori zuzendua dagoen, zein testuingurutan erabiliko den, eta hartzailearen tokian jarri behar izaten dugu musikariok. Idazle batek liburu bat idazten duenean, gure irudimena erabiliz istorioan murgiltzen gara. Musikarekin gauza bera da, aldatzen dena adierazteko erabiltzen dugun hizkuntza da. Musikarekin egoerak eta sentipenak deskribatzen ditut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide