Iñaki Gurrutxaga, Aitzol Barandiaran eta Julen Goikoetxea, Bi Bala musika taldeko kideak. (Argazkia: Bi Bala)
Proiektu berrian buru-belarri murgilduta dabil Iñaki Gurrutxaga bertsolari eta musikari oriotarra. Aitzol Barandiaranekin eta Julen Goikoetxearekin elkarlanean sortu dute musika talde bat, eta Bi Bala du izena. Hasiera batean Bertso Egunerako espresuki sortutako proiektua izan bazen ere, kontzeptuak "oso harrera ona" izan du, eta kontzertuz kontzertu dabiltza.
Giranice musika taldeko kidea izan da Gurrutxaga. Letrarik gabeko musika instrumentala zuen ardatz taldeak. «Musika tresna aldetik oso talde konpletoa zen. Bi Bala guztiz desberdina da. Oinarrizko musika tresnekin sortzen dugu musika, eta proiektu berrian hitzek dute garrantzia». Bertso musikatuak egiten ditugu, baina orain arte gutxi landu den estiloan. «Bertsoak eta rock musika uztartzen ditugu. RIP edo La Polla Records musika taldeen abesti ezagunetakoren baten doinua oinarri hartu, eta bertsoak ere egiten ditugu. Fusio hori erakargarria egin zaio jendeari».
Bertso Egunean emanaldia eskaini ondoren, batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkien. «Jendeari ideia asko gustatu zaio. Letra probokatzaileak egiten saiatzen gara, geure buruari barre egiten diogu». Gainera, musika taldeak ibilbide motza badu ere, Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioko futbol sintonia sortu du Bi Bala taldeak. «Aitzol Barandiaran taldekideak Euskadi Irratian kolaboratzen du, eta lankideek gure proiektuaren berri jakin zutenean, sintonia sortzea proposatu ziguten. Nahi genuena egiteko askatasun guztia eman ziguten», azaldu du Gurrutxagak.
Fubolari kritika
Taldearen izaera kritikoa eta probokatzailea ez zuten alde batera utzi Hiru Erregeen Mahaia saiorako sintonia sortzerako orduan. «Futbol sailaren aurretik doan abestia da, baina futbolaren burbuila handiari kontra egiten dio. Emaitza dena delakoa ere, astelehenean lanera berdin-berdin joan behar dela esaten dugu, besteak beste», azaldu du bertsolari eta musikariak.
Bi Bala taldea musika munduan bere tokia egiten ari da pixkanaka, eta etorkizun hurbilean kontzertuak ematen jarraitzea da taldekideen asmoa. «Kontzertua eman behar dugun herri bakoitzera egokitutako bertso sorta sortzen saiatzen gara». Aldiro saio berezia prestatu beharrak proiektua «fresko eta bizirik mantentzen» lagundutzen duela uste du Gurrutxagak. «Baina lanketa handia handia ere eskatzen du. Jakin badakigu hau ez dela betiko, eta ilusioa dugun bitartean, musikaz eta bertsoez aprobetxatu eta gozatzea da asmoa», gehitu du.