Joseba Brit estudioan konposatzen
Donostia Zinemaldian murgilduta dago azken egunetan. Zuzendariak, aktoreak, kazetariak edota ikusleak, denak zinema aretoetan bildu dira.
Glamour-aren eta azken zinema joeren artean, Xabier Zabala eta Joseba Brit musikarien doinuak Zinemaldian entzuteko aukera izango dute herritarrek. Alde batetik, Zabalak Zinemaldiko aurkezpen ekitaldietako soinu banda sortu du;
Munduko loreak abestiaren bertsio instrumentala, hain zuzen ere. Ameriketako Estatu Batuetako Portland hirian bizi da Joseba Brit musikari eta konposatzaile oriotarra, eta zinema eta gastronomia uztartzen dituen
Sormenaren bide ezkutuak film laburrari musika jarri dio. Larunbatean estreinatuko dute dokumentala, 22:30ean Principe aretoan.
Britek azaldu duenez, filma hasiera batean Eneko Atxa sukaldariaren sormen prozesua azaltzeko asmoz sortu zen. «Dena dela, filma garatu ahala, plater berriaren sorkuntza bidea eta filmarena berarena oso antzekoak zirela ohartu ginen. Horregatik, gastronomiak eta zinemak ideia berriak garatzerakoan duten antza erakustera aldatu zen gure helburua».
Soinu banda «alaia»
Oriotarrak film laburraren soinu banda sortu du, eta aurreko proiektu eta hau «nahiko desberdinak» direla adierazi du. «Soinu bandari nire tokea ematen saiatu naiz, baina orokorrean uste dut asko aldendu naizela nire estilotik. Alaia, jostakorra eta arima positiboduna da. Aurretik egin ditudan soinu bandak, akaso, serioagoak izan dira. Azken finean, filmak duen arima bera erakutsi behar dut nik, eta filma oso alaia da».
Gariza Produkzioak-ek uda hasieran erabaki zuen proiektua abiatzea. «Zinemaldia buruan genuela erabaki zuen. Onartu zutela jakindakoan gauzak oraindik eta azkarrago joan ziren... Orokorrean oso gustura geratu naiz emaitzarekin».